PSE-EE eta Podemosi eskua luzatu die Elgoibarko EH Bilduk aurrekontuak adosteko

Barren.eus 2021ko urt. 8a, 09:07

Elgoibarko EH Bilduk dei egin die PSE-EEri eta Podemosi EAJren aurrekontu proiektuari aurkeztutako hainbat zuzenketa adosteko eta, “elgoibartarrentzat hobekuntza handiak lortzeko”.

Ezker subiranistari bereziki deigarria egin zaio PSE-EEk aurrekontuei zuzenketak aurkeztu izana. “Ez da normalena, ezta ohikoena ere, gobernuko bazkideak bere zuzenketak aurkeztea, garrantzi politiko handikoak gainera, udal gobernuko kide nagusia bakarrik eta gutxiengoan utziz”, jaso dute prentsa oharrean. EH Bilduren ustez, egoera hori EAJk “inorekin hitz egin eta adostu gabe egiteko duen moduaren beste adibide bat” da.

EH Bildutik esan dute zabalik dituztela elkarrizketarako bideak alderdi politiko guztiekin, euren proposamenak eta proposatzen dituzten hobekuntzak inplementatu ahal izateko, eta horren harira, jakinarazi dute, bat datozela PSEEEk eta Podemosek aurkeztutako hainbat zuzenketarekin ere, tartean honako hauekin: udalerriko auzoetarako autobus zerbitzua ezartzearekin, tokiko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko eta suspertzeko inbertsio publikoak egitearekin eta auzoetan hobekuntzak egitearekin. Horren harira, “EAJren politikei alternatiba bat” emateko aukera ikusten du EH Bilduk, eta horretarako dei egin die PSE-EE eta Podemos alderdietako ordezkariei “aukera-leihoa” aprobetxatzera. “Urte askoan lehen aldiz, Elgoibarren benetako aukerak daude elgoibartarren bizi-baldintzak hobetzeko”, diote prentsa oharrean.