'Bateragune' auzia errepikatzearen kontra batu dira hainbat herritar Kalegoen plazan

Barren.eus 2020ko abe. 19a, 16:21

'Bateragune'auzia bere horretan gera dadin eskatzeko eta Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian hainbat herritan eta Elgoibarren ere egin dute protesta ekitaldia, Kalegoen plazan, 'Demokrazia' lelo hartuta.

Arnaldo Otegi elgoibartarra, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, eta Rafa Diez berriz epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2011n zigortu zituzten auzi beragatik [Guztira 31 urteko zigorra ezarri zieten eta osorik bete zuten]. Hala erabaki zuten astelelehenean Espainiako Auzitegi Goreneko bigarrenaretoko hamasei epaileek, aho batez. Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua oinarri hartuta erabaki zuten epaiketa errepikatzea, eta Gorenetik aipatu zuten epaiketa berriro egiteko salbuesten dituela artikulu horrek Bateragune auzia bezalako kasuetan. Erabakiak jurisprudentzia ezarri dezake Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententziak Espainian betetzeko moduan.

 • Batzuen kontraesanak eta besteen erantzuna

Lehen aldia da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetutako epaiketabat errepikatzen dela, 2015ean epaiak aplikatzeko modua arautu zenetik. Kuriosoa da, gainera, Gorenak berak itxi zuelako uztailean auzia, Estrasburgoren epaia jaso ondorenean. Estrasburgok ebatzi zuen Otegiri eta beste lau lagunei ez zietela bidezko epaiketarik egin. Epaileetako bat, Angela Murillo, ez zela inpartziala izan arrazoitu zuen, eta ondorioz Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu zela. Irailean, baina, Auzitegi Goreneko presidente Manuel Marchenak auzia berrikusteko eskatu zuen, eta iritzia emateko eskatu zien aldeei, beste epaiketa bat egiteko bidea zabalduz. Eta orduan, lehen ez bezala, epaiketa errepikatzearen alde agertu zen fiskala. Izan ere, aurrez, Estrasburgoren 2018ko sententzia Espainian betearazteko egindako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, ez zuen auzia berriro egiteko eskatu. Orduan, zigorrak bertan behera uzteko eskatu zuen bakarrik. Kontraesanak asko dira. Auzitegi Nagusiarekin ere ez dator bat erabaki hau. Izan ere, urrian, Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu epaiketa berriro egitea, AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak hala eskatu bazion ere. Auzitegi Nazionalak argudiatu zuen epaiketa berriro egiteak ez lukeela lege babesik izango. Izan ere, Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak ez du halakorik aurreikusten eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dio pertsona interesdunek eskatuta bakarrik egin daitekeela epaiketa berriro, eta auzipetu eta zigortuek ez dute halakorik eskatu. Ebazpenari erantzuteko agerraldia egin zuen EHBilduk martitzenean eta esan zuen argi gelditu dela “auzi politikoa” dela hau. “Hauteskundeak galtzen dituenean, Espainiako eskuina errefuxiatzen da botere faktikoetan; militarretan, komunikabidetan eta judikaturan. Badago bloke politiko bat, militar bat eta togadun bat. Horiek guztiak dira 78ko erregimena, inpugnatzen duguna.

2020 12 18 bateragune elkarretaratzea elgoibar kalegoen 2

2020 12 18 bateragune elkarretaratzea elgoibar kalegoen pankartak

2020 12 19 elkarretaratzea bateragune elgoibar