'Bateragunekoen' aldeko mobilizaziora deitu dute zapaturako

Barren.eus 2020ko abe. 18a, 15:14

'Bateragune auzia' salatzeko elkarretaratzea egingo dute zapatu honetan, 'Demokrazioa'lelopean. Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik deitu dute protestara. Elgoibarren ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere egingo dituzte elkarretaratzeak.

Auzitegi Gorenak aho batez erabaki zuen astelehenean berriro egitea Bateragune auziko epaiketa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi eta gero Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek ez zutela epaiketa justurik izan.

Erabaki horren harira, mobilizaziora deitu dute alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik. Zapatu honetarako, abenduak 19, deitu dute protestara, 12:00etan, herri guztietan, Demokrazia lelopean. ELA, LAB, Steilas, ESK, Ahal Dugu, Ezker Anitza, EH Bildu, Nafarroako Ezker Batua, EH Bai, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat dira deitzaileak.
Deitzaileen arabera, erabakiaren "larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa" eragin du. Adierazi dutenez Auzitegi Gorenaren erabakiak "kezka handia" sortu du, "oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean".

12:00etan izango da Elgoibarren egingo duten elkarretaratzea, Kalegoen plazan.