Bateragune auziko epaiketa berriro egitea erabaki dute Auzitegi Goreneko epaileek, aho batez

Barren.eus 2020ko abe. 14a, 17:49
 
Auzitegi Gorenak aho batez erabaki du Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez berriro epaitzea. Lehen aldia da hala, Estrasburgok baliogabetutako epaiketa bat errepikatuko dela.
 
Gaur goizean bertan bildu dira Auzitegi Goreneko bigarren salako hamasei magistratuak erabakia hartzeko eta azaldu dutenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokologoko 4.2 artikulua oinarri hartuta erabaki dute epaiketa errepikatzea.Gorenetik aipatu dutenez, epaiketa bat berriro egiteko debekua salbuesten du artikulu horrek Bateragune auzia bezalako kasuetan.
 
Lehen aldia da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetutako epaiketa bat errepikatzen dela, 2015ean epaiak aplikatzeko modua arautu zenetik. Kuriosoa da, gainera, Gorenak berak itxi zuelako uztailean auzia, Estrasburgoren epaia jaso ondorenean. Estrasburgok ebatzi zuen Otegiri eta beste lau lagunei ez zietela bidezko epaiketarik egin. Epaileetako bat ez zela inpartziala izan arrazoitu zuen eta ondorioz Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu zela. Irailean, baina, Espainiako Auzitegi Goreneko presidente Manuel Marchenak auzia berrikusteko eskatu zuen, eta iritzia emateko eskatu zien aldeei, beste epaiketa bat egiteko bidea zabalduz. Eta orduan, asko uste gabe, epaiketa errepikatzearen alde agertu zen fiskala. Asko uste gabe diogu, aurretik, Estrasburgoren 2018ko sententzia Espainian betearazteko egindako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, ez zuelako auzia berriro egiteko eskatu. Orduan, zigorrak bertan behera uzteko eskatu zuen bakarrik.