Elgoibarko EH Bilduk ezohiko udal aurrekontuak eskatu ditu "ezohiko egoera baterako"

Barren.eus 2020ko aza. 17a, 09:29

Elgoibarko EH Bilduk udal aurrekontuak negoziatzeko eta, hala badagokio, adosteko prest dagoela adierazi du. "Politikari balioa emateko unea da, orain inoiz baino gehiago; herritarren beharrei erantzuteko unea da", esan dute.

Datozen asteetan aurrekontuen eztabaida egingo da Elgoibarko Udalean. Ezker subiranistak nabarmendu duenez, eztabaida horrek zehaztuko du gure udalerriko politika publikoen bilakaera 2021ean.

Elgoibarko EH Bilduk dio oso argi duela pandemiak eta horren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialek ezohiko egoeran utzi dutela Elgoibar eta zuzenean eragiten diela elgoibartarrei. "Covid-19ren ondorioak askotarikoak dira, eta horrek administrazioek, eta kasu honetan Elgoibarko Udalak, aparteko politika publikoak ezartzera behartzen ditu. Hori dela eta, ezohiko aurrekontuak eskatzen ditu EH Bilduk".
Aurrekontuaren eztabaidari legealdi honetan izan duen jarrera "eraikitzaile eta arduratsu" berarekin egingo dio aurre aurreratu dute EH Bilduko arduradunek. "Politikari balioa emateko unea da, orain inoiz baino gehiago; herritarren beharrei erantzuteko unea da". Elgoibarko EH Bilduk udal aurrekontuak negoziatzeko eta, hala badagokio, adosteko prest dagoela adierazi du.
Orain, inoiz baino gehiago, inbertsio handiak aldi batez baztertzeko eta pertsonengan eta haien beharretan arreta jartzeko garaia dela argudiatu dute. Are gehiago pandemiak diru-kutxa publikoetan izan duen eragina kontuan hartuz gero. "Politika publikoak egiterakoan lehentasunak argi izateko unea da. Eta Elgoibarko EH Bilduk baditu: elgoibartarren premia larriei erantzuna ematea".
2021. urteko Elgoibarko aurrekontuak hainbat oinarriren gainean eraiki behar direla uste dute, besteak beste, pertsonak erdigunean jartzea, herri duin, garbi eta irisgarria izateko baliabideak jartzea, kulturatik eta euskaratik, ingurumena errespetatuz, elkarlanean eta gardentasunez. Oinarri bakoitza garatzeko hezurdura ere prestatu du ezker subiranistak, https://ehbildu.eus webgunean kontsulta daiteke.