Elgoibarko ostalaritza laguntzeko hainbat "premiazko neurri" proposatu ditu EH Bilduk

Barren.eus 2020ko aza. 9a, 12:52

Ezker subiranistako Elgoibarko ordezkariek nabarmendu dutenez, tabernak eta jatetxeak ixteko Jaurlaritzak hartutako erabakia ez zen etorri kaltetutako sektoreari laguntzeko neurriekin batera. "Era horretara, abandonatuta ikusi dute beren burua ostalariek. Elgoibarren ere bai", adierazi dute, eta euren ustez une honetan hartu beharko liratekeen neurrien berri eman dute. "Osasunari begiratuta, neurri murriztaileak hartzeak ez du esan nahi kaltetutako sektoreak abandonatuta utzi behar dituenik administrazioak. Administrazioaren ardura da garai gogor hauetan kaltetutako sektoreak babestea eta laguntzea, horretarako neurri eraginkorrak hartuta. Udalek ere zeresan handia dute honetan, Covid 19-aren lehen agerraldian argi geratu zen bezala. Laguntzak orain behar dituzte ostalariek; ezin da denbora galdu".

Gainera, ostalaritzaren itxierak gainerako sektoreengan eragina duela ohartarazi dute. Ez soilik bere hornitzaile izan daitezkeen produktuak ekoizten dituztenei, besteak beste, janari eta edariak edo kontsumigarriak. "Herriko komertzioetan ere galera ekarriko du ostalaritza itxita egoteak, kaleko giroan duen eragin negatiboa dela eta. Beraz, ezinbestekoa da premiazko neurriak hartzea administrazioen aldetik".
Elgoibarko Udalak ostalariei azaroko eta abenduko zabor kuota ez kobratzeko hartutako erabakia ere baloratu du EH Bilduk, eta erabaki horrek "soilik" bost langile baino gutxiago duten negozioei eragingo diela zehaztu dute. "Eskertzeko neurria bada ere, eskasa dela uste dugu Elgoibarko EH Bildutik. Uste dugu neurri hori beste establezimendu batzuetara ere zabaldu beharko litzatekeela, horretarako ezinbesteko azterketa eginda".
 • EH Bilduren proposamenak
Elgoibarko EH Bildutik zenbait neurri proposatu dituzte, eta neurriok elkarlanean hartzea eskatu dute, eta horiek bideratzeko Ostalaritza Mahaia sortzea eskatu dute. Hona EH Bilduren proposamenak, zerrendatuta:

  1. Elgoibarko ostalaritza establezimenduen zerrenda eguneratzea, bakoitzak daukan egoerarekin, langile kopurua, egoera ekonomikoa, itxierak fakturazioan sortu dizkien galerak, beharrak, e.a.
  2. Kualitatiboki, taberna hauek herrian sortzen duten eragin ekonomiko positiboaren azterketa bat ere bideratzea eskatzen dugu. Horretarako, Ostalaritza Mahaia eratzea beharrezkoa dela uste dugu, herriko ostalarien ordezkaritza batekin, Elgoibarko udaleko alderdi politiko guztien ordezkariekin eta udal teknikariekin.
  3. Etxerako zerbitzua daukaten establezimenduen zerrenda eguneratzea, bakoitzak ematen dituen zerbitzuak erantsiz.
  4. Herritarren eskura plataforma bat jartzea, establezimendu guzti horien zerbitzu horiek zentralizatzeko. Errenterian egin den JANGOU aplikazioa jarri dute adibidetzat.
  5. Diru laguntza zuzenak bideratzea ostalaritzarentzat. "Diru iturriak kentzen badizkiegu, irtenbideak eman behar dizkiegu".
  6. 2021eko tasak eta ordenantzak berrikustea egoera honen aurrean (ostalaritzaren zabor tasak, terrazen zergak, …, berrikustea)
  7. Datorren urteko aurrekontuetan neurriak aurreikustea sortu den egoeraren aurrean sektorea biziberritzeko.
  8. Kultur eragileekin batera, proiektu bat martxan jartzea Elgoibar biziberritzeko, eta, ostalariekin batera, kultur ekimen ezberdinak programatzea herrian zehar pandemia egoera honek baimentzen duenean.