Fernando Suarez: “Une txarrak gutxi izan dira, baina gogorrak; gogorregiak”

Barren.eus 2020ko aza. 6a, 10:33

21 urte egin ditu Fernando Suarezek (Ourense, 1956) Elgoibarko Udaleko PSE-EEko zinegotzi karguan, eta lan arrazoiak direla-eta, kargua uztea erabaki du. 

Galizian jaio zen, eta jaioberritan iritsi zen Euskal Herrira, Soraluzera lehenengo eta Eibarrera ondoren. Aita ezkertiarra zuen, eta aitaren ideiak umetatik jaso zituen etxean. Gaztetan, sozialismoaren iturritik edan zuen Eibarren, eta frankismoaren diktaduraren kontrako sentimendua indartu zuen. Alderdi Komunistako lagunekin batu zen, eta bere ideologia politikoa sendotu zuen. Euskadiko Ezkerrara afiliatu zen, gerora, PSE-EE izango zena. 1978an Elgoibarrera ezkondu zen, eta Ovidio Campello zenarekin batera, Elgoibarko alderdi sozialistaren barruan hasi ziren Elgoibar “hobetzeko” lanean. 1999an hartu zuen zinegotzi kargua, eta oraintsura arte jardun da lanean. Une onak eta txarrak bizi izan ditu Udalean egin duen ibilbidean, baina txarrak ahaztu eta onak gogoan hartuta agurtu da, eta herritarrei eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan erakutsi dieten begiruneagatik.

 • Noiz eta nola iritsi zinen politikara?
Ourensen jaio nintzen arren, urtebete egin nuenerako Eibarren bizi nintzen, eta hango giroak eragin zuen nigan. Nire aita ere sozialista zen, nahiz eta ez zen politikako militante izan, baina haren ideiak jaso nituen etxean. 13-14 urte nituenerako interes handia neukan politikan, eta ezker aldeko alderdiak nituen gogoko; ezkertiarrak, baina Euskal Herrikoak. OTR (Organizacion de Trabajadores Radicales) alderdian sartu nintzen lehenengo; gazte protestanteak ginen. Errepresio handia zegoen garai hartan, eta horrek bultzatu ninduen ezker aldera lerratzera, askatasunaren alde borrokatzeko. Soldaduska ere egin behar izan nuen, baina horren kontra nengoen eta denbora galtze hutsa iruditu zitzaidan. Nire ideiak gero eta argiago nituen, baina nire gustuko alderdi politikoa ez nuen berehalakoan aurkitu. Ezker abertzalearekin ez nintzen identifikatzen, baina PSOErekin ere ez.
Orduan, Juan Maria Bandres eta Mario Onaindiak Euskadiko Ezkerra alderdia sortu zuten, beste batzuekin batera, eta han sartu nintzen. Eibarren nituen lagun asko ere buelta hartakoak ziren, Mario Onaindia bera ere laguna nuen, eta gazte asko sartu ginen alderdian. Urteetara Euskadiko Ezkerra eta Euskadiko Alderdi Komunista batu egin ziren, eta handik urte batzuetara, Euskadiko Ezkerra eta PSOEk egin zuten bat. Poliki-poliki Euskadiko Ezkerra indarra galduz joan zen. Ordurako Elgoibarren bizi nintzen, eta Ovidio Campello zenarekin hasi ginen alderdi sozialistarekin lanean. 27 bat urte neuzkan orduan.

2020 11 06 fernando suarez psoe elgoibar elk barren plenoan

 • 1999an hartu zenuen PSE-EEko zinegotzi kargua Elgoibarko Udalean. Zein helbururekin sartu zinen zinegotzi?
Ni auzoko zinegotzia izan naiz. Urazandin bizi nintzen, eta garai hartan auzo hura erabat ahaztuta zegoen. Errekaren bestaldean, mendiaren kontra... Utzita zegoen. Lehenengo elkarte modura hasi ginen auzoaren alde zerbait egiten, eta Urazandiko festak antolatu genituen hiru urtez. Ondoren, Herri Gain elkarteak hartu zuen jaien ardura eta beste hiru urtean ospatu genituen. Urazandi existitzen zela erakutsi nahi genuen, Elgoibar ez zela San Roke bakarrik; atentzioa deitu nahi genuen. Hori guztia zinegotzi izatera iritsi aurretik egin genuen. Behin Udalean sartuta, alderdi sozialistaren programa osatu genuen eta orduan egin genuen auzoko barandak konpontzeko promosamena eta eskailera mekanikoak jartzearena, besteak beste. Haurrentzako parkeak ere lortu genituen, eta auzoko goi aldera autoak iristeko bidea egitea ere bai. Auzoa berrurbanizatu eta auzorako sarrera-irteera berriak egiteko proiektua ere egin genuen, eta hori ere egingo da egune batean. Urazandin zentratu gara bereziki, baina herria eta herritarren beharrak ahaztu gabe, eta horren harira, azken urteetako gure borroka San Lazaro egoitza hobetzea izan da. Ovidio hil zenean neuk hartu nuen Ongizate Sailaren ardura, eta ordutik nabil elgoibartarrentzako egoitza duin baten alde lanean. Orain dela urte batzuk erabaki genuen Pilarreko eraikina zegoen lursoruan eraikitzea egoitza berria eta Aldundiak ere begi onez ikusi zuen proiektua, baina justu orduan aldaketa egon zen Aldundian. EHBilduk hartu zuen Aldundiaren ardura, eta Elgoibarko egoitzarentzat zegoen dirua beste zeregin batzuetara bideratzea erabaki zuten, tartean atez ateko zabor sistema famatura. Hala ere, Elgoibarko Udalak Pilar eraikina bota zuen eta egoitza berria egin arte aparkaleku modura erabiltzeko atondu zuen ingurune hori. Baina egoitza egingo da, eta egoitza egiteko obrak aprobetxatuko dira Urazandiko sarrera-irteera berriak eraikitzeko. King-Kong eta Urazandi lotzea geratuko litzaiguke, baina hori oso zaila da. Zubia ez da egokia, badakigu aldapa handia duela, baina ez dauka konponbide erraza. Udala lanean ari da, aukera desberdinak aztertzen, baina dena egiteko dirurik ez dago, eta pandemia honekin, gutxiago.

 • Alderdi sozialista lau zinegotzi izatera ere iritsi zen hauteskunde batzuetan Elgoibarren, baina orain bakarra dauka.
Bai, Alfredo Etxeberriak alkatetza hartu zuen lehenengo legegintzaldian lau zinegotzi lortu genituen. Bi aldagai garrantzitsu izan ziren hori ahalbidetu zutenak: batetik, aurreko legegintzaldian Marivi Agirregomezkorta alkateak ostegunetako merkadilloarekin izan zuen gatazkak botoak kendu zizkion EAJri, eta bestetik, ezker abertzalea urte hartan legez kanpo zegoen eta ez zioten utzi hauteskundeetara aurkezten. EAk hiru zinegotzi eskuratu zituen, Aralar eta Ezker Batuak bi eta alderdi popularrak, bat. Gainerakoak, EAJk lortu zituen. Aukera izan genuen ezkerreko udal gobernua eratzeko, baina EAk eta EAJk koalizioa egin zuten.

2020 11 06 fernando suarez psoe elgoibar elk barren oroimenaren eguna 2010 ovidio

 • Oposizioan lan egitea tokatu izan zaizu askotan, baina azken urteetan EAJrekin gobernu taldean ere egon zara. Zer da errazagoa, oposizioan lan egitea ala gobernuan?
Oposizioan egotea erosoagoa da. Udal Gobernuan egotean nahi duzu herritar guztientzako lan egin, denekin ondo geratu nahi duzu eta hori ezinezkoa da. Borondate guztia jarri arren, ez dituzu denak gustura lagako. Norberaren alderdiko denak poztea ere zaila izaten da, pentsa herritar guztiak! Hemen diruak agintzen du, eta denerako dirurik ez dago. Politikan sartzen zarenean argi eduki behar duzu ez duzula inoiz herritar guztiekin asmatuko. Lehentasunak jarri behar dira, eta lehentasunetan bakoitzak bereak dauzka.

 • 21 urte hauetan une onak eta txarrak bizi izango zenituen Udalean.
Bai, hala da. Une txarrak gutxi izan dira, baina gogorrak; gogorregiak. ETAk alderdiko zinegotziak hiltzen zituen garaia latza izan zen benetan. Lagunak hil zizkidaten, eta une hartan behin baino gehiagotan galdetzen nion nire buruari ea merezi zuen jarraitzeak. Familiakoek lagatzeko esaten zidaten, euren burua ere arriskuan ikusten zutelako, baina nik sinisten nuen politikan eta aurrera egitea erabaki nuen. Diktadura batetik gentozen, eta ni ez nengoen prest ETAk
ezarri nahi zigun diktadura onartzeko. Nik nire ideiak defendatu nahi nituen, ez besterik. Gogorra izan zen nire eta Ovidioren irudiak diana baten barruan ikustea karteletan. Garai hartan egunero ordutegiak aldatzen ibili behar izaten nuen, auto azpiak begiratu eta bi bizkartzainekin bizi. Egunero irteten nintzen etxetik, itzuliko ote nintzen jakin gabe. Inork ez zuen nahi alderdi sozialistan sartu, jendea ez zen ausartzen. Urte gogorrak izan ziren haiek, udaletxe barruan ere, eta Ezker Abertzaleko jendearengandik irainak jasotzen genituen agur modura. Espainola nintzela esateak ez ninduen iraintzen, espainiarra sentitzen naizelako, baina faszista edo putaseme esatea adibidez, ez nuen ulertzen. Hala ere, ez ginen kikildu. Ez dut inoiz ahaztuko ezta ere Urazandiko egoitzan lehergailua jarri zuten eguna. Amorrua sentitu nuen, ez egoitzagatik, hura zen gutxienekoa, kalte materialak izan zirelako soilik, baina auzotarrengan
pentsatzean sentitzen nuen amorrua. Zorionez, garai hura bukatu zen, eta jendeak jakin behar du gatazka horren amaieran alderdi sozialistak paper garrantzitsua izan duela. Zapatero zegoen orduan Espainiako Gobernuko presidente karguan, eta Patxi Lopez Jaurlaritzan. Leporatu izan digute ETArekin negoziatu genuela, baina ez zegoen beste aukerarik. Horri esker bukatu zen borroka armatua.

2020 11 06 fernando suarez psoe elgoibar elk barren pse zerrenden aurk 2011 1

 • Nolako harremana izan duzu gainerako alderdietako kideekin Udalean?
Garai batean ezker abertzaleko jendearekin ez nuen harreman onik izan, baina Udalean baino gehiago kanpoan esango nuke zela zaila harremana. Udalean, oro har, harremanak onak izan dira. EAJrekin izan dugu erlazio gehiena, eta izan ditugu gure liskarrak, Marivi [Agirregomezkorta] alkatearekin, batez ere. Nik ezagutzen nuen Marivi alkate izan aurretik ere lan kontuetatik, eta banekien ona zela bere lanean, baina aldi berean, burugogorra. Merkadilloarekin tematu zen, eta aitortzen dut erabaki hark guri mesede egin zigula hurrengo legealdian. Gainerako alkateekin eta zinegotziekin harremana ona izan da. Gizakiak gara eta pertsona bezala errespetuan oinarritu izan gara, norberaren ideiak albo batera utzita. Harremanik zailena ezker abertzalekoekin izan da. Nik ondo ikusten dut beraiek independentzia aldarrikatzea, edo presoen eskubideak defendatzea, baina ez nazatela ni ere horretara derrigortu. Eta hori gertatzen zen, ez banuen beraiena onartzen, ni nintzen txarra. Nik gai horietan beti esan izan dut legeak agintzen duela. Azken urteetan asko aldatu da euren jarrera, ez dira hain muturrekoak eta borroka armatua amaitu zenetik askoz errazagoa izan da dena. Orain lasai hitz egin daiteke. Hala ere, akordioak lortzea ez da erraza, bakoitzak bere interesak dituelako eta denerako dirurik ez dagoelako. Alderdi guztiok nahi dugu Elgoibar hobetu, baina bakoitzak berea defendatzen du. Dena dela, lasai hitz egin ahal izatea, asko da, bizi izan dugunarekin.

 • Nola aldatu da Elgoibar 21 urteotan?
Gehiago egin daiteke, baina Elgoibarren asko egin dugu azken 21 urteotan. Elgoibar asko hobetu da, baina dena ezin da egin. Guk nahiko genuke aparkaleku gehiago egin, umeentzako parke gehiago, berdegune gehiago... baina Elgoibarrek fisikoki ez du aukera askorik ematen, mendialdera ez bada behintzat, eta dena erdigunean nahi dugu. Baina auzoetan badago oraindik zer hobetu: espaloiak, argiteria... Baina ni pozik nago egin dugunarekin. Sigma auzorako hobekuntza proiektua ere egina dago, baina oraindik etxe gehiago egingo dituzte han eta horiek bukatu arte ezin dira beste obrak egin. Eta gure programaren barruan aspalditik proposatu izan dugu auzoetarako autobus zerbitzua martxan jartzea. Orain badirudi gai hori EHBildurena dela! Niri berdin zait proposamena norena den, garrantzitsuena herritarrek irabaztea da, eta ez dominak jartzea. Urazandiko obren harira jarri du Udalak autobus zerbitzua martxan eta orain aztertu egingo da erabilera, aurrera begirako erabakiak hartzeko. Ni pozik nago Elgoibarren egin dugun lanarekin. Hemendik aurrera garai gogorrak datoz, koronabirusaren eraginez Udalak diru-sarrera gutxiago izango dituelako. Ezingo dira proiektu guztiak batera egin, baina ahal denean seguru egingo direla.

 • Ariana Nogalesek beteko du zure lekua Elgoibarko Udalean.
Bai, sekulako sorpresa hartu nuen ezagutu nuenean. Bere gaztetasunak eta ilusioak harritu nau! Ez da erraza gazteak politikara erakartzea, eta are zailagoa da alderdi sozialistara ekartzea. Elgoibarren 33 afiliatu geneuzkan orain dela gutxira arte, eta neu nintzen gazteena. Orain badaude gazte batzuk alderdian, baina lehen lerroan sartzeko prest daudenak oso gutxi dira.

2020 11 06 elgoibar udala pse fernando suárez ariana nogales aitor

 • Zein da zinegotzi baten zeregina?
Udaleko egituran dauden batzordeetan parte hartu behar du, han lantzen diren gaiei buruzko informazioa jasotzeko; hilean behin osoko bilkura izaten da, eta horrez gain, alderdiaren bileretan ere hartu behar izaten da parte. Zinegotzi lanak denbora asko eskatzen du, lana ondo egin nahi baduzu behintzat. Dedikazio handia eta ezinbestekoa da gai horiek gustuko izatea. Nik aurreko legealdian laga nahi nuen kargua, ez nuen aurkeztu nahi, baina ez zegoenez inor, berriz ere neu joan nintzen zerrendaburu. Arianak bigarren izateari baiezkoa eman zionean ezin nuen sinetsi. Nik esan nion lagunduko niola, alboan izango ninduela babesteko eta lasai egoteko. Azkenean zinegotzi bakarra eskuratu genuenez, bera ez zen Udalean sartu. Orain, baina, kargua utzi behar izan dut lan kontuegatik, eta bera izango da sozialisten ordezkaria Elgoibarren. Ongizate Saila eta Pertsonal Saila izango ditu bere arduran. Oraingo lanean ere giza baliabideen alorrean lan egiten du eta jantzita dago gai horietan. Oso ondo prestatuta ikusten dut. Esperientzia falta zaio, baina hori denborak emango dio.