Ahal Dugu Podemosen erantzuna EAJri: "PNVko hauek gutxi dakite proportzionaltasunaz, euliak kanoi-danbaka garbitzen dituzte"

Barren.eus 2020ko aza. 3a, 15:19

Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Evaristo Rodriguezek Elgoibarko EAJk joan den astean emandako prentsaurrekoan esandakoen inguruan duen iritzia kaleratu du.

Evaristo Rodruiguezek Youtubera igo duen bideo batean adierazi du bere iritzia. Elgoibarko EAJko buru Alfredo Etxeberriak eta Ane Beitia alkateak joan den urriaren 27an eman zuten prentsaurreko agerraldia izan du hizpide Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, aurrez EH Bilduk egin zuen moduan. Alderdi moreak etxez etxe banatu zuen morADOS izeneko aldizkarian deskalifikazio pertsonala erabiltzea eta EAJ-PNV Elgoibarko hautetsiei eta alderdiari berari egindako "oinarririk gabeko prebarikazio akusazioak" egitea aurpegiratu zion EAJk Elgoibarko Elkarrekin-Podemosi.

Bere erantzunari izenburu bat jartzekotan, "belarrondoko ederra eman didate" izan zitekeela goiburu bat dio Rodriguezek zabaldu duen bideo-erantzunean. "Indar erakustaldia egitea bazen euren asmoa, erakusteko komunikabideak menperatzeko duten gaitasuna, etxez etxe banatzen dugun gurea moduko panfleto xume baten aurrean, ez zegoen horretarako beharrik. Bagenekien", adierazi du.
Orain dela aste batzuk etxez etxe banatu zuten morADOS aldizkaria ez zela alkatearen gustukoa izan dio alderdi moreko zinegotziak. "Argitaratu genuen erreportajeetako batean alkatearen izena eta bere familia aipatzen zirelako samindurik daude. Barkamena eskatzen diegu, ez baitzen gure asmoa eurak molestatzea. Baina tira, eman zuten prentsaurrekoan epelak esan zizkiguten, Erromatik Aita Sainduak berak ere entzuteko modukoak. Baina, badakizue nola funtzionatzen duten hedabideek prentsaurreko agerraldiekin, egunkari batek gauza bat esaten du, besteak beste bat... eta halaxe. Guri dagokigunez, neu naiz kaltetu handiena, gezurtitzat jo bainaute, eta hortik gora... PNVko hauek gutxi dakite proportzionaltasunaz, euliak kanoi-danbaka garbitzen dituzte. morADOS aldizkaria elkarrizketaren bidez gauzak konpontzeko loturaz beteta dago, barren! baina ez, nahiago dute ezer konpontzera ez datorren prentsa agerraldi bat eman, handitasunez. Mina emateko bakarrik. Egun horretan bertan osoko bilkura eduki genuen eta gurutzatu behar ez diren marra gorriez jardun zuten, baina ez daukat oso argi. Zer dira marra gorri horiek? guk beraiek ezin ditzakegu aipatu ere egin, baina eurek guri edozer dei diezagukete, besterik gabe? Nire gurasoek esaten zidaten berba eginda konpontzen direla gauzak eta exenpluaren bidez irakasten dela. Kontua ez da zenbat eta gorago egon garrantsitsuagoa sentitzea, beti laguntzeko prest egotea da garrantzitsuena", esan du Rodriguezek.
Gai honen inguruan norberak bere iritzia izan dezan, etxez etxe banatu zuten morADOS aldizkarira sarean jarri du Elgoibarko Elkarrekin Podemosek. Hona hemen sarean zabaldu duten bideoa:

 ∞Lotura duten albisteak: