Herrian ez dagoen liskar girorik ez iradokitzeko eta ez sortzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri

Barren.eus 2020ko urr. 28a, 19:36

Elgoibarko EH Bilduk bere harridura agertu du "EAJk oposizioaren aurka" egindako prentsaurrekoan adierazitako salaketen aurrean.

"Oso deigarria iruditzen zaigu EAJren erreakzioa; izan ere, badaki eta ezagutzen du orain arte udal gobernuarekin izan dugun jarrera elkarlanekoa eta eraikitzailea izan dela, eta, bereziki, osasun-larrialdian gaudenez geroztik. Asko izan dira udal gobernuari helarazi dizkiogun proposamenak; ez ditu aintzat hartu, eta erantzun ere ez ditu egin gehinetan. Askotan eskatu diogu udal gobernuari informazio etengabea eta lehen eskukoa, eta udal-gobernuak, alderdi politikoek eta udalerriko eragile ekonomiko eta sozialek elkarrekin lan egiteko foroak edo mahaiak sortzea. Gure proposamen bat bera ere ez dira aintzat hartu", dio EH Bilduk zabaldu duen mezuak, EAJk atzo eman zuen prentsaurrekoan esandakoen harira.

Elgoibarko EH Bilduk, EAJk bezala, ez du uste deskalifikazioak politikarako tresna onak direnik. "Guk ere uste dugu elkarrizketa eta herritarren arazoak konpontzeko proposamenak izan behar direla nagusi gure udalerriko eguneroko politikan. Baina kritika politikoan ere sinesten dugu, egokiak ez diren politikak hobetzeko eta salatzeko tresna gisa ulertzen baitugu", adierazi dute.
EH Bilduko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, EAJko ordezkariekin berba egiteko asmoa zuten gaur arrtsaldean egin den udalbatzarraren osoko bilkuran. "EH Bildutik EAJri esango diogu udalerriko indar eta energia guztiek batera lan egiteko unea dela, Elgoibarko herritar guztientzako irtenbiderik onenak bilatzeko helburuarekin. Orain, inoiz baino gehiago, elkarrizketarako eta lankidetzarako garaia da. Ez da giroa gaiztotatzeko garaia ez eta Elgoibarko herritarrei erakundeen arteko desadostasun-sentsazioa helaraztekoa. Horregatik, EAJri eskatzen diogu ez iradokitzeko eta ez sortzeko gure udalerrian ez dagoen liskar girorik. Elkarrizketa, lankidetza eta elkarlana udalerriko eragile guztiekin. Hori da Elgoibarko herritarrek merezi eta eskatzen dutena. Politikaren erabilgarritasuna frogatzeko unea da. Aprobetxa dezagun aukera hau", adierazi dute.

∞Lotura duten albisteak: