Elgoibarko EAJko buru Alfredo Etxeberriak eta Ane Beitia alkateak eman dituzte azalpenak Batzokian egin duten prentsaurreko agerraldian. Zabaldu duten komunikatuan nabarmendu dutenez, Covid gaitzaz gainera, bada politikan beste gaixotasun bat: ahozko inkontinentzia baliabide gisa erabiltzea. Ez daudela prest horri Elgoibarren ezartzen lagatzeko esan dute.
"Ez dugu gezurrik, deskalifikaziorik edo irainik erabiliko, ez da gure estiloa. Ez da inoiz izan, ezta izango ere. Elgoibarko herriak demokratikoki agertutako borondatea izan da Elgoibarko EAJ-PNVri gobernu-erantzukizunak bere gain hartzeko aukera eman diona, bere esku egon den guztietan. Eta akordioetara iristeko prest agertu denarekin adostuta lortu du. Oso sinplea", adierazi du Alfredo Etxeberriak, Elgoibarko Uri Burubatzarreko lehendakariak eta zortzi urtean Elgoibarko alkate izandakoak.
Azken astean argitaratu diren bi idatziren harira eman dute gaurko prentsaurrekoa. Batetik, Jorge Hernando zinegotziak joan den urriaren 24an sarean, Elgoibar Opina Facebook orrialdean, argitaratutako idatzi batek haserretu ditu EAJko ordezkariak. "Gezurrez, desinformazioz, irainez, deskalifikazioz, akusazioz eta manipulazioz betetako idazkia, objetibotasunetik, kontrasterik eta informazioa bilatzeko ahaleginik txikiena ez dagoenean. Gaur egun, kanpora begira, bere kargua horrela betetzeko modua izaten jarraitzen badu, ez gaitzatela bilatu, ez gaituzte-eta aurkituko (idazkia) zuzendu arte", adierazi dute. Horrez gain, EH Bilduk Hernandok argitaratutako idatziaren inguruan duen iritzia jakin nahi dute.
Bestetik, Elgoibarko Elkarrekin Podemos alderdiak duela gutxi argitaratu eta etxez etxe banatu duen aldizkari bat izan dute hizpide EAJko arduradunek. Argitalpen horretan deskalifikazio pertsonala erabiltzea, eta EAJ-PNV Elgoibarko hautetsiei eta alderdiari berari egindako "oinarririk gabeko prebarikazio akusazioak" egitea aurpegiratu diote alderdi moreari, eta kargu hartu diote EAJk bere onurarako gobernatzen duela esan izanagatik. Horiek asmo txarrez eta "modu interesatuan" egin dituztela uste du Etxeberriak, eta honako galdera egin die Podemoseko kideei: "Podemoseko kideok, zuek esaten ari al zarete EAJ-PNV Elgoibarrenganako konfiantza behin eta berriro berritu duen boto-emaileen kolektibo batek behin eta berriz egiten duela autokraziaren aldeko apostua, gobernu-praktika gisa?". Eta galdera horrek behar lukeen erantzuna ere eman du Etxeberriak: "Ez, EAJ-PNV Elgoibarren uste dugu kudeaketa arduratsuarekin dugun konpromisoa partekatzen dutela, egindako lana bermatzen dutela eta gure proposamenekiko konfiantza adierazten dutela. Bere panfletoan nolabaiteko pataleta sumatzen dugu EAJ-PNV udal taldeari eta bere kudeaketa moduari buruz. Ados al zaudete EAJ Elgoibarren ibilbidea boto-emaileen kolektiboak 1975etik lau urtean behin bermatu izanarekin?".
EAJren erantzunak
Prestatu duten komunikatuaren berri emateaz gainera, euren aurka eginiko iruzkinetako batzuk erantzun eta testuinguruan jarri nahi izan dituzte Etxeberriak zein Beitiak. Deskalifikazio pertsonalek jasotzen dituzten lagunek familiak dituztela eta familiakideei ere min egiten zaiela gogora ekarri dute, batez ere publikoak direnean. "Deskalifikazioak eta irainak hitzezko inkontinentzian mutatutako Covida bezalakoak dira. Herritarrek agindutako lana egiten dutenek beren homologoiei zor dieten beguirune eta aintzatespenaren maskara gabe, kontrolik gabe eta modu kaltegarrian hedatzen dira doan, publiko egiten direnean. Hautetsiek horren jakitun izan beharko lukete, eta sahiestu".
Izendapenak edo konfiantza-karguak izendatzeari buruz
EAJ alderdiko hautetsien izendapenen inguruan esandakoak argitzeko azalpenak eman ditu Etxeberriak, eta gogora ekarri du hautatuak ez diren kargu batzuk izendapen askekoak direla, gobernu-egituraren parte direlako, eta Gobernuko ardurak izan dituzten eta betetzen dituzten gainerako talde politikoek praktika berberak erabili dituztela. "Ez dira biziarteko karguak, inguruabarrek hala eskatzen dutenean ordezten dira. Sozietate publikoen zuzendaritza nagusiaren kasua antzekoa da. Izaera juridikoa dutenez, ezin dira administrazio publikoaren oinarrizko egituraren parte izan. Hala eta guztiz ere, dagokion sailarekin koordinatuta dagoenez, zuzendaritza nagusiek gobernuko sailetako zuzendaritza gisa funtzionatzea eta egituratzea saihesten da. Gipuzkoako Foru Aldundiko sozietate publikoen kasuan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden talde politiko guztiek dute ordezkaritza dagozkien administrazio-kontseiluetan. Aldi berean, sozietate horiek Batzar Nagusien kontrolpean daude, eta horiek dira, adibidez, aurrekontuak onartzen dituztenak, horiek sortzeko mandatuak eta beren jarduera garatzeko esparrua. 2011-2015 legegintzaldiaren eta oraingo legegintzaldiaren artean ez dago ezer berririk edo ez da ezer aldatu", esan du Etxeberriak EH Bilduk aldundian agindu zuen legegintzaldiari erreferentzia eginda. Eta honako galderak zuzendu dizkio Hernando zinegotziari: "Zein da Hernando jaunaren desadostasuna? Ez zaizu gustatzen Elgoibartarrek kargu horiek betetzea? Ez al zaizu gustatzen beste alderdi bateko Elgoibartar batek kargu horiek betetzea?". EAJko agintarien ustez "protesta egitea" da galdera horien erantzuna. "Horrela interpretatzen dute pertsona batzuek oposizioaren jarduna, protesta egitea eta gezurrak esatea, deskalifikatzea, iraintzea argudio objektiborik ez dagoenean".
Udal-araudiak
Elkarrekin Podemos alderdiak eginiko salaketaren harira, udal-araudiarek gauzatzeko prozesua azaldu du Alfredo Etxeberriak. Udal-araudi ororen lanketa udal-sail ezberdinetako hainbat teknikarik eta gobernuko zein oposizioko zinegotziek batera egiten dute, udalerri guztietan antzeko moduan araututako mekanismoen bidez. Horien lana udalbatzarra osatzen duten zinegotziek onartutako azken proposamen batean islatzen da. Batzuetan aho batez eta beste batzuetan gehiengo soilez. Ekarpenak atzera bota daitezke araua egiten den bitartean. "Betiere, oinarri tekniko, juridiko, ekonomiko edo bestelakoekin. Beti oinarrituak. Oso sinplea. Ezespenak ez du justifikatzen deskalifikazioa. Bai, ordea, kritika objektibo eta argudiatuak".
Pantaila akustikoak
A-8 autobidean Elgoibar parean, jartzekoak diren pantaila akustikoei buruz Jorge Hernandok esandakoen inguruko azalpenak ere eman ditu Alfredo Etxeberriak, Bidegiko, Gipuzkoako autobideak kudeatzeko sozietate publikoko, zuzendaria baita. "Hernando jauna, informatu pertsona bati gezurti deitu aurretik. Elgoibarko Udaleko Hirigintza Sailean galde egin zenezakeen pantaila akustikoen proiektuaren inguruan, zinegotzia baitzara. Oso erraza zenuen. Esleipena eta kontratazioa 2020ko azaroaren azken ostiralean onartuko direla erantzungo dizute. Hasieran aurreikusitakoa baino beranduago? Bai. Galde iezaiozu, halaber, zure taldeburuari nola ez zitzaien bururatu hori egitea Bidegiko akziodun bakarra zen Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua zenean (2011-2015). Oraindik berandu iruditzen zaizu?".
Kargua betetzeari buruzko azalpenak
EAJko arduradunek aurreratu dute auditoria bat egitea eskatuko diotela Elgoibarko Udalari, hautetsiek azken lau legealdietako batzordeetan eta osoko bilkuretan izan duten agertzea aztertu eta neurtzeko. "Kontuak eta zenbait administrazio-prozedura urtero Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ikuskatzen dituen bezala, asistentzia ere ikuskatzen da", adierazi dute.
Covid19a eta udal-kudeaketa
Covid19ak eragindako krisia kudeatzeko moduagatik jasotako kritikak ere erantzun ditu EAJk. Naiz egunkariak 2020ko urriaren 23an argitaratu zuen lerroburua aipatu du Etxeberriak jasotako kritikei erantzuteko: "EHBilduk babes osoa ematen die Lakuak Covid ez kutsatzeko hartu dituen neurriei". "EAJ-PNV Elgoibarren ados gaude, eta Elgoibarko Udalari eskatzen diogu osasun-sailak ezarritako jarraibideen arabera joka dezala eta Elgoibarren neurri egokiak ezartzeko prest dagoela erakusteko. Aldi berean, guztiok bat egitea eta norabide berean arraun egitea eskatzen dugu. Elkarrekin normaltasuna berreskuratuko dugu", esan du Etxeberriak.