Elgoibarko eta Mendaroko mendietara irteerak antolatu ditu Sarek, Izan Bidea egitasmoaren barruan

Barren.eus 2020ko ira. 30a, 09:27

Euskal presoen eta iheslarien alde Euskal Herriko tontor ezagunenetara igotzeko deia egin du Sare plataformak, eta Elgoibarren eta Mendaron ere igoko dira mendi tontorretara.

Izan Bidea egitasmoaren barruan, Euskal Herriko 650 tontorretara igotzeko deia egin du Sarek zapaturako, urriaren 3rako. Elgoibarko Sarek bat egin du ekimenarekin eta Morkaikoko tontorrera igoera antolatu dute. Kalegoen plazatik irtengo dira 9:30ean. Hala ere, nahi duenak Aiastiara autoan igotzeko aukera izango duela ohartarazi dute antolatzaileek, eta Aiastiatik Morkaikorako bidea oinez egin gero. Aiastiatik Morkaikorantz 10:45ean abiatzea aurreikusten dute Morkaikoko tontorrera 11:30ean ailegatzeko. Tontorrean talde argazkia aterako dute. Herritarrei parte hartzera animatzeko bideo bat ere osatu du Elgoibarko Sarek:

 • Mendaron hiru tontor
Mendaron ere egin dute bat egitasmoarekin eta bat beharrean hiru mendi igoko dituzte: Garaluz, Otarre eta Gantxipixa. 9:30ean elkartuko dira udaletxe aurrean, eta hiru taldetan banatuko dira bildutakoak. "Egingo duen eguraldiarekin segurtasunik ez daukagunez hala egitea erabaki dugu", adierazi dute antolatzaileek.

Antolatzaileen esanetan euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde dauden herritarrak elkartzea du helburu Izan Bidea egitasmoak
Dinamika berri honek erronka bat du oinarri: "Baietz 3.127.326 km egin!". Hain zuzen ere, Euskal Herriak duen biztanle kopurua da zifra hori: "Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea", adierazi dute antolatzaileek.

2020 09 30 izan bidea morkaikora sare kartela