Gipuzkoako batzarkide kargua hartu du Jon Peli Uriguenek

Barren.eus 2020ko ira. 16a, 15:01

Aitor Aranzabal Altuna ordezkatuz arituko da Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren taldean, eta Elgoibarko zinegotzi karguareki uztartuko du.

Gipuzkoako batzarkide kargua hartu du EH Bilduko Jon Peli Uriguenek, eta horrenbestez, Elgoibarko zinegotzi eta batzarkide karguak uztartuko ditu aurrerantzean.

Aitor Aranzabal Altuna bergararra ordezkatuz arituko da Uriguen Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren taldean. “Ilusioarekin eta erantzukizunarekin” hartu du kargu berria Uriguenek. “Ardura eta aukera moduan hartzen dut izendapen berri hau. Aukera da, Elgoibarko Udalean gure egunerokoan egiten dugun bezala, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere elgoibartar guztien interesak defendatzeko”, esan du. Gaineratu duenez, une gogor hauetan ezinbestekoa izango da elkarlana Gipuzkoak dituen erronkei aurre egiteko, "legegintzaldi hasieratik Elgoibarren esan dugun bezala". Horretarako, herrietako ahotsa ere Gipuzkoako instituzioetara eramatea garrantzitsua dela azpimarratu du.

Duela urte batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua izan zen Uriguen.