Murrizketa sozialik gabeko aurrekontuak eskatu dizkio EH Bilduk Udalari eta elkarlanerako prestutasuna agertu du

Barren.eus 2020ko uzt. 15a, 13:50

Elgoibarko EH Bilduk badaki Elgoibarko Udalak diru gutxiago jasoko duela datorren urterako Foru Aldunditik, eta egoera horren aurrean udal aurrekontua “egokitu” egin beharko dela uste du. Egokitze horretan, murrizketa sozialik gabeko aurrekontuak prestatzeko eskatu dio Udal Gobernuari.

EH Bilduko arduradunek esan dutenez, 1.800.000 euro gutxiago etorriko dira herrira Foru Aldunditik, %9,52 gutxiago, eta egoera horretan, lehentasunak zehaztu beharko direla esan dute. EH Bilduk argi ditu lehentasunak: “Murrizketa sozialik gabeko aurrekontuak egin behar dira, gutxien dutenak babestu eta inor atzean gera ez dadin krisi honetatik irteterakoan”. “Inbertsio sozialak” lehenetsi ditu EH Bilduk, ekonomia eta enpleguaren sustapenean oinarrituta. 

 • Diru-sarrera bermatzeko errentaren eskatzaileak
Koronabirusaren krisiak klase sozialen arteko diferentzia areagotu egin duela nabarmendu dute, eta horren harira, hainbat datu eman dituzte: Ekaineko datuen arabera, Elgoibarren 230 herritarrek eskatu dute diru-sarrera bermatzeko errenta, 1.401 lagun zeuden enplegua erregulatzeko espedientean (maiatzean 223) eta 500 herritarrek jo zuten elikagaien bankura, pandemia hasi aurretik baino 200 gehiago, hain zuzen ere. Datu hauen aurrean egoera “latza” bizi dugula esan dute, eta krisi honetatik irteteko eskonomia eta enplegua berpizteko politikak behar direla nabarmendu dute.

Inbertsioak “birplanteatu” egin beharko direla gaineratu dute, eta berriz ere kargu hartu diote udal gobernuari proiektu batzuek izan duten gainkostuagatik. Besteak beste, kiroldegiko obraren 353.500 euroko gainkostua eta Urazandiko igogailuaren obrak izan duen 130.000 euroko garestitzea aipatu dituzte. "Urazandiko igogailua 660.000 euroan esleitu ostean, 130.000 euro gegiagoko partida izan du, %20 igoz hasierako kostua", zehaztu dute. Aita Agirre proiektuan ere bost milioi euro baino gehiago gastatu direla esan zuten. "Ia 3 milioi obran, 1,3 milioi inguru urbanizazioan, beste milioi bat inguru altzarietan eta beste gastu txiki batzuk kontuan hartuta". Proiektuok Udalaren aurrekontuaren "zati handi bat" eraman dutela azken urteetan nabarmendu du koalizioak, eta “kudeaketa zorrotza” eskatu diote Udalari, eta “prestutasun osoa” agertu diote datorren urterako aurrekontuak prestatzeko. "Gizarte indartsuago bat izateko elkarlana ezinbestekoa da, eta horretarako kolektibo zaurgarrienak kontutan izango dituzten politikak bideratu behar dira, pertsona nagusiak, gazteak, autonomoak, etorkinak, ezkutuko ekonomian lanean dihardutenak, kultur arloko eragileak, merkatariak, ostalariak, enpresetako langileak, zaintzan aritzen diren eta prekarizatuak diren langileak gehienetan emakumeak… Gainera, aurrekontuak berraztertzean, etorkizuneko ildo estrategikoak definitzen ere lagunduko dugu. Gure seme-alabei ze herri utzi nahi diogun dago jokoan, eta hori urtebeteko aurrekontuez haratago doa", adierazi dute.