Domekako hauteskundeetarako hainbat hautesleku aldatu dituzte

Barren.eus 2020ko uzt. 8a, 13:38

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ospatuko dira domekan, uztailaren 12an, eta koronabirusaren eraginez, hainbat aldaketa egin dituzte hauteslekuetan bai Elgoibarren eta baita Mendaron ere.

Mendaron bi hautesmahai egongo dira orain arte bezala, baina udaletxean beharrean, ikastolan. 

Elgoibarren, bestalde, 17 mahai jarriko dituzte herriko auzo eta kaleetan banatuta, baina horietako batzuk ez dituzte ohiko lekuetan kokatuko. Hauek dira aldaketa nagusiak: 3B eta 3C mahaiak, lehen Kultur Etxeko sotoan egoten zirenak, Aita Agirren kokatuko dituzte, eta gauza bera egingo dute Jubilatuen Biltokiko 4U mahaiarekin. Pedro Mugurutzako mahaien kasuan, 5A eta 5B mahaiak ohiko tokian egongo dira, baina 6U mahaia, gelaz aldatuko dute. Kasu honetan, gainera, eskolatik irteteko, atzealdeko ate bat erabiliko beharko dute herritarrek. Kultur Etxeko lau mahaiei dagokienez, ohiko kokapena mantenduko dute, baina sarrera eta irteerarako, markatutako ibilbidea jarraitu beharko da.
 • Arauak eta neurriak
Domekako hauteskundeak higiene eta osasun bermeekin egingo dira: derrigorrezkoa izango da hauteslekuetan jarriko dituzten arauak errespetatzea, maskara jantzita eramatea, distantziak mantentzea eta eskuak garbitzea hautesmahaietan egongo den gel hidroalkoholikoarekin. Era berean, ilarak sortzen badira kaletik bertatik bideratuko dira. Laguntzaileak izango dira hautesleku guztietan, babes neurriak errespetatzen direla bermatu eta sarrera zein irteeretan laguntza eskainiko die herritarrei, hauteslekuetan eta horien inguruan jendea elkartzea saihesteko. Ilarak sortuz gero, lehentasuna emango zaie hautesle zaurgarriei, 65 urtetik gorako pertsonei edo haurdun dauden emakumeei, bozketa-mahaietan ahalik eta denbora gutxien pasa dezaten.
Botoa etxetik prest eramatea gomendatu dute hauteslekuetako gortinak ukitzea sahiesteko. Horrez gain, bakoitzak bere identifikazio txartela erakutsi beharko dio mahaiko lehendakariari, baina berak ezingo du ukitu.