Udal Gobernuaren kudeaketa defendatu du Elgoibarko EAJk

Barren.eus 2020ko uzt. 8a, 08:37

Udal Gobernuaren kudeaketa "kaskarra" dela salatu du Elgoibarko EH Bilduk, eta horren aurrean, Udal Gobernuaren kudeaketa "zuzena" defendatu du Elgoibarko EAJk. Bide batez, domekan bozkatzera joateko deia egin diete jeltzaleek herritarrei. 

Alfredo Etxeberria Elgoibarko Uri Burubatzarreko lehendakariak eta Maialen Gurrutxaga Udaleko zinegotziak prentsaurrekoa eman zuten atzo arratsaldean, EH Bilduk Udal Gobernuaren kudeaketari buruz esandakoaren harira. EAJk esan du kritika hori "lan zuzenari eginiko kritika" izan dela. Kiroldegiaren obra egiteko moduan aldaketa bat egin behar izan zuten, EAJren esanetan "proiektua indartzeko zuzenketa bat", eta soluzio berri horrek beste kostu bat izan du. Alfredo Etxeberriak azaldu zuen zein izan den obra horretan egin beharreko aldaketa: "lizitatutakoaren ordez mikropilotezko horma bat eraikitzean datza, alboko lursailarekiko euste-sistema sendotzeko, aurrez detektatu ez ziren lursailaren ezaugarriei erantzuteko". EAJk argi dauka eraikuntzaren "konponbidea eta segurtasuna" indartzen dituen hobekuntza dela, eta euren ustez, hori eztabaidaezina denez, "aldaketaren kostuari aurre egin behar dionari buruzkoa da orain kritikaren argudioa", esan du. Etxeberriak ondorengo azalpena eman du: "Egokitze hori Udalak eskatu badu, Udalak aurre egin beharko dio. Hobekuntzak hasierako proiektuan aurreikusten ez direnean, obra unitate berrien bidez gehitzen dira, legeak aplikatutako mugen barruan. Hau ez da izan kontratistak egindako obra unitateen gainkostua". Etxeberriak esan du "harritu" egin dela EH Bilduk egindako kritikarekin, oposizioan horrelako gaiak "ondo" ulertzen dituztelako. Gainera, gai hau urtarrilean onartu zutela Osoko Bilkuran gogoratu du, eta orain berriz kontu hau mahai gainean jartzea "guztiz elektoralista" dela esan du. 

Elgoibarko EAJk, bestalde, domekarako hauteskundeetan parte hartzeko deia egin zuen prentsaurrekoan, eta herritarrei eskatu zieten bozkatzera joateko. Covid19aren eraginez bizi dugun egoera "zaila" dela adierazi zuen Etxeberriak, eta hauteskundeetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu zuen. "Ez dadila Covid19 izan abstentzioaren aliaturik onena", gaineratu zuen. Azkenik, norberaren eta gainerakoen osasuna dagoela jokoan aipatu zuen, eta horregatik babes neurriak hartzen jarraitzeko deia egin zuen, hala nola, eskuak sarri garbitzeko eta distantziak zaindu ezin direnean maskarak janzteko: "zentzuz jokatu behar dugu, gurekiko eta besteekiko ardura dugulako".