Gipuzkoan lehen indarra izateko aukerak dituela esan du EH Bilduk Elgoibarren egindako ekitaldian

Barren.eus 2020ko uzt. 7a, 19:32

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EHBilduko diputatua eta Ander Rodriguez Legebiltzarrerako Gipuzkoako hautagaia izan dira Elgoibarren gaur arratsaldean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan.

Giza Eskubideen parkean batu dira EHBilduko militanteak, eta trikiti saioarekin hasi dute ekitaldia. Nagore Cid elgoibartarrak gidatu du solasaldia.

Rodriguezek esan duenez, “ezustekoa” emateko moduan dago EH Bildu igandeko hauteskundeetan: “Igande honetan boto bakoitzak balio izugarria dauka. Partida badago, eta Gipuzkoan lehen indarra izateko aukerak ditugu", esan du aurreko legealdian legebiltzarkide izandakoak. Mertxe Aizpurua, bestalde, Madrilgo aktualitate politikoaz eta horrek Euskal Herrian daukan eraginaz mintzatu da. Bere esanetan, euskal langileen interesak defendatzen dituen indar politikoa da EH Bildu: “PPk onartutako lan erreformaren derogazioa gauzatzeko akordioa gauzatua daukagu PSOE eta Podemosekin. Emandako hitza ez dutela beteko diote orain. Birritan esan digute. Baina urrats hori ematea ezinbestekoa da, guri eta langile guztiei emandako hitza betetzeko eta langileek galdutako eskubide guztiak berrezartzeko”. Igandean asko dagoela jokoan nabarmendu du Aizpuruak, eta ezker subiranistaren boto bat bera ere ezin daitekeela etxean geratu gaineratu du. Azkenik, Gipuzkoan lehen indarra izateko aukerak dituztela nabarmendu dute gaur arratsaldeko ekitaldian.  

2020 07 07 Bildu kanpaina1