Hirugarren Gradua eman diote Sebastian Etxaniz euskal presoari eta Euskal Herriko espetxe batera gerturatuko dute

Barren.eus 2020ko uzt. 7a, 16:48

Euskal presoen kolektiboko kiderik zaharrena den Sebastian Etxaniz Alkorta elgoibartarrari hirugarren gradua eman diote, beste bi euskal presorekin batera, eta Donostiako espetxera lekualdatuko dute.

Sebastian Etxaniz 2002. urtetik eduki dute espetxean, eta euskal presoen kolektiboko kiderik zaharrena da, 75 urte baititu. Presoen aldeko taldeek askotan salatu dutenez, hirugarren gradua ukatu diote orain arte, baimenik ez duelako eduki, eta baimenak ukatu izan dizkiote, hirugarren graduan ez zegoela argudiatuta. Villabonako (Asturias) espetxean dago espetxeratuta Etxaniz.

Etxaniz 30 urteko espetxe zigorra betetzen ari da zenbait hilketagatik, atentatuagatik eta indarkeriaz lapurreta egiteagatik, besteak beste. Auzitegi Gorenak zigorra baieztatu zion 2006an, ETAko 'Bizkaia' komandoko kide Jose Antonio Borde Gaztelumendi eta Enrike Letona Viterirekin batera erretiroa hartuta zegoen Joaquin Gorjon Gonzalez guardia zibila hil zuten atentatuan parte hartzeagatik. Basaurin hil zuten Gorjon, 1981ean. Urte berean eta Basaurin bertan hil zuten Luis Cadarso, guardia zibileko teniente koronel erretiratua hura ere, 1981eko apirilaren 14an, hain justu ere. Hilketa horregatik ere epaitu eta zigortu zuten Etxaniz, eta baita Ramón Romeo Rotaeche militar erretiratua hil zuten atentatuan parte hartzeagatik ere. Romeo teniente koronela zen eta 1981ean hil zuten Bilbon. Sestaon 1982. urtean eginiko atentatuagatik ere ari da zigorra betetzen. Hiru lagun hil zituzten atentatu hartan, Cristina Mónica Illarmendi, Agustín Martínez Pérez eta Alfonso Maside Bouzo.

 • Indarkeriaren gaitzespena
Espainiako Espetxe Erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, hirugarren gradua eman dieten hiru euskal presoek indarkeria gaitzetsi dute, eta Etxanizen kasuan egindako mina aitortu eta deitoratzeaz gainera, espetxe legedia onartu du, eta bere ardura zibilari aurre egiten ari da.
Era berean, espetxe erakundeak jakinarazi du Etxanizek zigorraren hiru laurdenak bete zituela 2019ko apirilean, eta Villabonako espetxeko arduradunek hirugarren gradura pasatzeko proposatu zuten, eta Donostiako espetxera leku aldatzea.

∞Lotura duten albisteak: