Elkarrekin-Podemos-IUk kanpaina-ekitaldia egin du Elgoibarren

Barren.eus 2020ko uzt. 7a, 11:47

Uztailaren 12ko hauteskundeetarako kanpaina Elgoibarreraino ere ailegatu da. Elkarrekin Podemos-IU koalizioko kideek kanpaina-ekitaldia egin dute goizean Kalebarren plazan eta aratsalderako EH Bilduren kanpainako ekitaldia dago iragarrita.

Juantxo Lopez de Uralde Unidas-Podemoseko diputatuak, eta Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak diren Arantxa Gonzalezek eta Isabel Gonzalezek hartu dute parte Elkarrekin-Podemos-IU koalizioak 11:00etan Elgoibarren egin duen kanpaina-ekitaldian. Isabel Gonzalezek Lurzorua Kontserbatzearen aldeko Nazioarteko Eguna dela gogora ekarriz hasi du hitzaldia. Antolatzaileek streaming bidez zuzenean eman dute ekitaldia, eta Youtuben ikus daiteke osorik.

Isabel Gonzalezek adierazi du elikadura eskubidea, ur eskubidea eta ingurumen eskubidea merezi duten bezala baloatu behar direla, eta arlo horietan ausartak eta handinahiak izateko garaia dela zehaztu du. "Elkarrekin Podemos-IUtik apustu irmoa egiten dugu bizitzarekin egin dugun itun horren alde". Eta ondorengoa gaineratu du: "Larrialdi klimatikoaren euskal legearen aurreproiektuak asmo handiko eta zeharkako helburuak izatea nahi dutela, bai ekonomian eta bai industra-jarduera osoan".

Juantxo Lopez Uraldek, berriz, Elkarrekin Podemos Espainiako Gobernuan egoteak ekarri dituen onurak goraipatu ditu. Besteak beste, pertsona zaurgarrienei babesa emateko "ezinbestekoa" izan direla esan du. "Ez da berdina ezkerrera begira dagoen gobernu bat, eta hala dela erakusten ari gara Madrilen gobernatzen dugunetik, aldea igartzen baita. Euskadin ere eman daiteke aldaketa, baina horretarako alderdi progresista baten beharra dago, eta Miren Gorrotxategik gidatzen duen Elkarrekin Podemos-IU da hori".

 • EH Bilduren ekitaldia, arratsaldean
EH Bilduk ere antolatu du kanpaina-ekitaldia gaurko, Elgoibarren. 19:00etan izango da, Giza Eskubideen Parkean. Ander Rodriguez eta Mertxe Rodriguez izango dira hizlariak.

2020 07 07 elkarrekin podemos iu hauteskunde kanpaina kalebarren elgoibar g1

2020 07 07 elkarrekin podemos iu hauteskunde kanpaina kalebarren elgoibar g