EH Bilduk Udal Gobernuaren kudeaketa "kaskarra" salatu du

Barren.eus 2020ko uzt. 6a, 13:56

EH Bilduk dio EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuaren kudeaketa "kaskarrak" 353.046,95 euroko kostua izango duela elgoibartarrontzat. Igerilekuak handitzeko lanen gainkostuaren erantzule egin du koalizioak Udal Gobernua.

 EH Bilduk azaldu duenez, gainkostu honen erantzule den enpresa eraikitzailea erantzule ez egitearen ondorioak, 353.046,95 gainkostua, herritarrek ordainduko dute. "Gainkostu honen eta beste askoren arrazoiak argitzen ahalegintzen ari gara aspalditik. Gobernu taldearen harrokeria oso garesti ateratzen zaio elgoibartarrei, eta hori ez da onargarria", salatu dute.

Polikiroldegiko igerilekuaren handitzea oso berri ona izanda, kudeaketa "txar" baten adibide bihurtu dela adierazi dute EH Bilduko arduradunek. Garai zailak bizi ditugula gogora ekarri dute eta lehendik zegoen "ziurgabetasunari", Covid-19aren pandemiak sortutako egoera larria gehitu zaiola. "Osasun krisi bezala heldu zena, krisi ekonomiko eta krisi sozial bihurtu da gerora. Argi dagoena da lehentasunak berraztertu beharko ditugula, eta diru publikoa zorroztasunez eta gardentasunez kudeatu beharko dela. Hau, beti beharrezkoa izanik, garai hauetan ezinbesteko bihurtu zaigu, murrizketak etor daitezkeela aipatzen ari diren honetan. Administrazio guztien beharra izango da hori, eta Elgoibarko udalaren kasuan ere, beharrezkoa izango da. Horregatik uste dugu, kostuen jarraipen zorrotza inoiz baino garrantzitsuagoa dela garaiotan", azaldu dute.

Elgoibarko Udalak Amenabar eraikuntza enpresari esleitu zizkion, 2019ko maiatzean, Olaizaga kiroldegiko igerileku estaliak handitzeko lanak, Jovino Martinez Sierra (Xixon, Espainia, 1961) arkitektuaren proiektua gauzatzeko. 2019ko azaroan hasi zituzten eraikuntza-lanak, baina hasi orduko bertan behera laga zituzten, ustegabeko emaitzak aurkitu baitzituzten zundaketa-lanekin hasterakoan, eta eraikitze-sistema aldatu behar izan zuten. Proiektuan eginiko aldaketa honek aurrekontuan ere eragina izan zuen, eta Udalak jakitera eman zuenez, 367.758,26 eurokoa izango da (BEZa barne) aldaketek izango duten kostua. Udalak 2.881.142,40 (BEZa kanpo) euroan esleitu zion igerilekuak handitzeko proiektua Construcciones Amenabar S.A. eraikuntza enpresari.

  • Elkartuk proposatutako hobekuntzak
Igerilekuak handitzeko lanekin lotuta, Elkartuk, Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak, proiektuak identifikatutako hutsuneak eta eginiko aholkuak aintzat hartu ez izana aurpegiratu dio EH Bilduk Udal Gobernuari, berriro ere. "Arlo ekonomikoan kudeaketa kaxkarra izateaz gain, gizarte arloan beste horrenbeste. Udal Gobernua ez da gai izan Elkartu-k proposatutako hobekuntzak kontuan hartzeko, igerilekuaren erabileran mugikortasun desberdina edo “mugatua” duten pertsonak baztertuak izan ez zitezen".

∞Lotura duten albisteak: