Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatzea eskatzeko mozioa aurkeztuko du EH Bilduk

Barren.eus 2020ko eka. 22a, 14:14

Elgoibarko EH Bilduk jakinarazi du kezkatuta dagoela Pedro Muguruza etorbidearen izena aldatzeko tramiteak hasi ez dituztelako. Mozioa osoko bilkuran aho batez onartu eta zazpi hilabete pasa direnean oraindik ez dela horretarako pausorik eman zehaztu dute.

Iazko irailaren 25ean egindako osoko bilkuran honako testu hau onartu zela ohartarazi du ezker subiranistak: “Pedro Muguruza kalearekin dagoen eztabaida mahai honetara (bizikidetza mahaira) eraman eta kontakizun horren barruan herritarrei ere galdetzea zer nahiko luketen egin kale izen horrekin”. 

Elgoibarko ezker subiranistaren ustez, 2020. urtean eta sinbolo frankista guztiak ezabatzea agintzen zuen Memoria Historikoaren Legea onartu zenetik 13 urte igaro direrenean, "Elgoibarren oraindik ere Pedro Muguruza bezalako frankista batek kalea izatea onartezina da". Muguruza Frankismoaren erreferentziazko arkitektoa eta Gorte frankisketatan diputatua izan zela dio EH Bilduk prentsa ohar bidez. Bere lanen artean dago Erorien Harana. Muruguza Madrilen jaio zen, nahiz eta bere familia Elgoibarkoa izan. "Kaleak frankista baten izena edukitzeaz gainera, plaka falangista handi bat dago oraindik", zehaztu dute. Muguruzak gure Elgoibarko seme kutuna izaten jarraitzen duela ere salatu dute, eta ez hori bakarrik "hala da oraindik ere Franko diktadorea". Morkaiko mendian dagoen gurutzea ere udalerrian jarraitzen duen beste ikur frankistetako bat dela nabarmendu dute.
 • 'Martxoak 8' izena
Elgoibarko EH Bilduk uste du beharrezkoa dela frankismoari erreferentzia egiten dion guztia gure udalerritik kentzea, eta, beraz, hasiera ona izango litzatekela erdiguneko kale honen izena aldatzea. EH Bilduk, bere mozioan, izen bat proposatu du, "Martxoak 8 etorbidea", Emakumearen Eguneko mobilizazioetan sortu zen herri-proposamenarekin bat eginez.
EH Bilduk bere mozioan gogorarazi du beharrezkoa dela kalearen izena aldatzeko mekanismoak aktibatzea. Gaia Bizikidetza Batzordean lantzen hasteko eskatu du. Halaber, izen berriaren inguruan proposamenak jasotzeko edo ekarpenak egiteko, prozedura irekitzea eskatu du ezker subiranistak.

∞Lotura duten albisteak: