Legegintzaldiko lehen urtean "gogor" lan egin dutela adierazi du Elgoibarko Udalean oposizioko lehen indarra den EH Bilduk, eta hasieratik herritarrei aurkeztu zizkieten konpromisioei eutsi dietela azpimarratu dute orain arte egindako lanaren berri emateko egin duten prentsa agerraldian. "Hitza eman genien elgoibartarrei, hiru ildo nagusi jarraituko genituela: gardentasuna, kudeaketa zorrotza eta parte hartzea; eta, konpromisoak tinko dirau".
Orain arte egindako lanaz "harro" daudela diote, eta horregatik nahi izan dute urteko balantzea egitea, "bidea hasi besterik ez dugulako egin, eta asko dagoelako egiteko, baina, zailtasunak zailtasun, lorpen asko ere badaude bidean". Zailtasun horiek zein diren ere argitu dute: "Udal gobernuak informazioa izkutatu digu hasiera-hasieratik", salatu dute.
• Krisi ekonomiko eta soziala
Pandemiak laga duen krisi ekonomiko eta sozialarekin kezkatuta daude EH Bilduko arduradunak, eta Elgoibarko zenbait datu ekonomiko eman dituzte, ERTE kopurua eta langabezia datuak:
ERTEak Elgoibarren (2020/06/14)
- Itxiera 2 (Giz.)
- Murrizketakoak 468 (310 giz. eta 158 emak.)
- Suspentsioa 1176 (836 giz./ 340 emak.)
Langabezia Elgoibarren (2020ko maiatza)
- Biztanlria 11.613 biztanle
- Langabetuak 589 (%10,34)
• "Denon artean Elgoibar hobe bat eraikitzea"
Herri eta Gizarte bezela erronka handia daukagula aurrean esan du Jon Peli Uriguenek, baina uste osoa du "erronka erraldoi" honetatik indarberrituta irten gaitezkeela. "Horretarako, baina, gure herriak eta elgoibartarrek duten potentzialtasuna baliatzen jakin behar dugu, norabide berean lanean jarri beharra daukagu: gure ekonomia zutik jartzeko eta mundu mailako erronkei erantzuteko, gure irakaskuntza zentroak bultzatzeko, gure merkataritza eta ostalaritza lagundu eta indartzeko, elgoibartarrek prestakuntza handiagoa izateko, e.a", zehaztu du. Ibilbide hori elkarlanean egiteko bere prestutasuna agertu die EH Bilduk elgoibartarrei. "Udal Gobernuak betiko inertziak atzean lagatzeko eta elkarlanean hasteko lan egiten jarraituko dugu. Gure helburua bat eta bakarra delako: denon artean Elgoibar hobe bat eraikitzea. Eta parean daukagun krisia kontuan izanda, elgoibartar bat bera atzean utzi gabe".
• Urteko hiru mugarri nagusiak, EH Bildurentzat
Azken urtea goraberatsua, zaila eta normaltasunetik irteten den horietakoa izan dela azaldu dute EH Bilduko ordezkariek. Kargua hartu eta hamahiru egunera Kalegoen plazako eraikin historikoa behera erori zela gogora ekarri dute. "Zorionez kalte pertsonalik izan ez bazen ere, oraindik negozioak beraien lokaletatik kanpo eta familia bat bere etxea berrskuratzeko urteetan zain egon beharko duela uste dugu. Urtea beteko den honetan, kaltetuekiko enpatia adieraztea ezinbestekoa da. Guk lanean jarraituko dugu egoera argitu eta kaltetuek behar dituzten erantzunak jaso ditzaten".
• Zaldibarko zabortegiaren tragedia
Otsailaren 6an bertan behera erori zen Zaldibarko zabortegia izan da urteko beste mugarrietako bat EH Bildurentzat. "Arazo honetaz hitz egiteak min ematen digu, hor daudelako oraindik Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran lurperatuta. Guzti honek Elgoibarrekin loturarik ez duela pentsatuko dute batzuk baino gehiagok baina hor ere salatzea tokatzen zaigu, Eibarren airearen kalitatea neurtzen zen bitartean, Elgoibarren kezkatuta geunden gure erreken eta airearen kalitatearekin eta inork ez zuen herritarren segurtasuna bermatzeko ezer egin. Horrez gain, argi eta garbi esan nahi dugu horrelako hondamendiak, kontrola esku pribatuetan ustearen ondorioa direla". Ildo beretik, Azkaraten zabortegia eraikitzeko egitasmoa bertan behera geratu izanarekin pozik dira. Hein handi batean, gizarte zibilak egindako presioari esker, eta ehbilduk Azkoitiako Udalean izandako kontrako jarrera irmoagatik gelditu dela bertan behera aldarrikatu du EH Bilduk.
• Pandemia
Koronabirusaren pandemiari dagokionez, Jon Peli Uriguenek aitortu du oso zaila dela gobernuan egon gabe jakitea nola jokatuko zuten eurek halako ezhoiko arazo baten aurrean. "Gauza bat daukagu argi, herritarretatik gertu egongo ginateke, komertzio, ostalaritza eta eragile ezberdinen kezka geure egingo genuke, herritarren kezkak entzun eta soluzioak bilatzen saiatuko ginateke, batekin eta bestearekin krisi mahaiak osatu eta ahal den eta erantzunik bateratuena eta profesionalena ematen saiatuko ginateke, hori delako bidea horrelako krisi bati aurre egiteko. Ezhoiko egoerek ezhoiko erantzunak behar dituzte eta herri politikak lehenetsi behar dira, herriari entzun, soluzioak eman eta ez du balio orain arte funtzionatu duenak, egoerak aldatu badira politika egiteko moduak ere aldatu behar dira".
Hurrengo asteetan erabakiak hartu beharko direla diote Bilduko zinegotziek, pandemiak eragindako krisiaren ondorioz diru sarrera gutxiago izango delako, eta udal aurrekontuak berregin beharko dituztelako agintariek. "Horrek esan nahi du oso garbi izan behar ditugula zeintzuk izango diren gastuen lehentasunak. Ondo asmatu beharko dugu, eta guk argi ditugu lehentasunak: ezin dugu inor atzean utzi, zerbitzu sozialak indartu behar ditugu, inbertsio sozialak herri lanen aurretik egon behar dira, azpiegituretan egiten den edozein inbertsiok errentagarritasun sozial handia eta berehalakoa izan behar du. Uste dugu Elgoibarko Udal Gobernuari ikuspegi estrategikoa falta zaiola. Ez dugu ikusten inongo planik epe ertain edo luzerako. Inprobisazioa da nagusi. Horregatik eta gure lehentasun eta printzipioetan oinarrituz, Elgoibarko EH Bildutik lanean jarraituko dugu Elgoibarko eragileekin egiten ari garen bilerekin, hemendik hamar urterako Elgoibar nolakoa izatea nahi dugun zehazten laguntzeko, eta horren isla izango da landuko dugun plan estrategikoa".
• Proiektu eta inbertsio nagusiei buruzko iritzia
Legegintzaldiko proiektu eta inbertsio nagusiak ere hizpide izan ditu EH Bilduk urteko errepasoan. Aita Agirre eraikina da horietako bat. "Proiektu hau ere, beste asko bezala, epe eta kostu aldetik prebisio guztiak gaindituta etorri zen", salatu dute. Hala ere kezka handiagoa dute eraikinaren inguruan inolako proiekturik ez dutelako ikusten. "Oraindik bulegoen toki aldaketa bat baino ez da izan", adierazi dute.
• Auzoz auzo dinamika
Udaleko proiektuez gainera, EH Bilduk badauka bere proiektua elgoibartarrentzat: Auzoz auzo dinamika. Duten erremintarik eraginkorrena dela diote politika herritik egiten dutelako, herritarrei entzun eta herritarrei erantzunda. "Auzoz auzo entzun duguna, kontatu dizkiguten arazoak udalera eramatea da gure lana eta betebeharra eta horretan jarraituko dugu hemendik aurrera ere". Dinamika horren baitan, Altzolako beharrei erantzunak emateko bertako herritarrekin eginiko bilerak eta Olaizaga kiroldegiko igerilekua handitzeko lanak aipatu dituzte.