PSE-EEK egoitza ireki du botoa posta bidez emateko

Barren.eus 2020ko mai. 25a, 16:57

Urazandin duten egoitza berriro zabalik dutela jakinarazi du Elgoibarko alderdi sozialistak, uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa postaz eman nahi duten herritarrei laguntza emateko.

Gaurtik aurrera zabalik dago PSE-EEk Urazandi auzoko 14. zenbakian duen egoitza. Egunero irekita egongo da, 11:00etatik 13:00etara eta 18:0etatik 19:30era. "Besteak beste, posta bidez botoa eman nahi duten herritarrei laguntzeko ireki dugu egoitza. Ezinduta edo gaixorik daudenek ere badute aukera etxetik botoa emateko, notario baten aurrean, eta hori egin ahal izateko tramiteekin lagunduko diegu egoitzatik", azaldu dute bertako arduradunek.Herritarren arretarako telefono zenbaki bat ere badute: 943 742 643.

Izan ere, uztailaren 12rako hauteskunde-kronograma abian da. Euskal Autonomia Erkidegoko 1.788.602 pertsonak –583.063 Gipuzkoakoak– eman ahal izango dute botoa uztailaren 12an, 2020-2024 legealdiko Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideak hautatzeko.
Botoa posta bidez eman nahi duten lagunek dagoeneko egin dezakete eskaera. Uztailaren 2a izango da azken eguna. Atzerrian bizi direnek (modu iraunkorrean), berriz, ekainaren 13ra bitartean eskatu ahal izango dute. Argibide guztiak www.hauteskundeak.eus webgunean kontsultatu daitezke.
 • Hauteskunde erroldaren zerrenda
Hauteskunde-errolda udaletan ikusgai dago, eta horrekin batera erreklamazioak egiteko epea. Elgoibarko Udalaren webgunean ikus daiteke hauteskunde erroldaren zerrenda.