Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko plan integrala aurkeztu du Elgoibarko EH Bilduk

Barren.eus 2020ko mai. 4a, 14:02

Herriko eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin adostu nahi du Elgoibarko EH Bilduk Koronabirusak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko prestatu duten plan integrala.

EH Bilduko bozeramaile Jon Peli Uriguenek Facebook sare sozialean elgoibartarrekin, joan den barikuan, eduki zuen solasaldi birtualean aurkeztu zuen plan integrala, eta gainerako herritarrei ezagutarazi nahi dizkiote planaren inguruko xehetasunak. Era berean, udalerriko eragile politikoekin, ekonomikoekin eta sozialekin partekatu nahi dute plan hori, "guztion artean krisi honetako irtenbiderik onenak eztabaidatzeko eta adosteko". EH Bilduk azaldu du gaur bertan erregistratuko duela Udalean osatu duten proposamena, udal organoetan neurriak eztabaidatzen hasteko.

Uriguenek adierazi du salbuespeneko egoera batean gaudela, eta salbuespeneko irtenbideak eta jokabideak hartu beharko direla, beti ere herritarren ongizatea helburu bezala izanda. “Gu prest gaude laguntzeko, gure esku dagoen guztia emateko. Horretarako lantzen ditugu proposamen hauek. Guk orain arte izan dugun jarrera eraikitzailea espero dugu orain beste alde guztietatik”, esan du Uriguenek. Era berean, gogora ekarri du orain arte udal gobernuari aurkeztu zaizkion proposamen guztiak ez direla aintzat hartu, hala nola, ezarri beharreko neurriak eztabaidatzeko eta adosteko mahaia edo foroa osatzearena. Gainera, duela zazpi aste Covid-19aren krisia abiatu zenetik ohiko jarduerarik ez duela izan gogoratu du, ez delako egin ez batzorderik eta ez osoko bilkurarik.

Hauek dira Elgoibarko EH Bilduk landutako plan integralaren ildo nagusiak:

1. Neurri fiskalak

  • a. Zergen egutegia malgutzea. Printzipioz kosturik gabekoa (atzerapenek eragindakoa ez bada)
  • b. Udal tasak birkalkulatu behar dira. Honek sarreren murrizketa bat ekarriko du, erabiltzaileentzat laguntza bat izango dena: 30.000 euro
  • c. Mikrokredituak interesik gabe Elgoibarko autonomo enpresa txikientzat: 50.000 euro

2. Sustapen Ekonomikoko neurriak

  • a. Elgoibarko merkatari, ostalari, mikroenpresa eta autonomoentzako laguntzak: 650.000 euro
  • b. Herrian kontsumitzeko bonoak 150.000 euro (375.000 euro mugitzeko gaitasunaz)

3. Kolektibo zaurgarrienak babesteko neurriak:

  • a. Larrialdietarako Gizarte Laguntzetan diru partida % 25 igotzea: 42.500 euro (170.000 eurotik 212.500 eurora)
  • b. Bertako produktuen kontsumoa sustatzeko kanpaña: 10.000 euro

4. Herria dinamizatzeko neurriak:

a. Plazara proiektua: bertako kultur eragileentzat egoera berriaren aurrean sortze prozesurako eta taularatzeko laguntza lerroa: 20.000 euro
b. Komunikazio kanpaña: “Elgoibart(H)arrok” Bertan kontsumitu herria pizteko: 15.000 euro
c. Merkataritzaren plan estrategikoa landu merkatariekin: 10.000 euro
    i. Egungo egoera eta etorkizuna
    ii. Erosketa ohituren analisia / bezeroen joerak
d. Ostalaritzaren plan estrategikoa landu ostalariekin ? 10.000 euro
    i. Egungo egoera eta erronkak
    ii. Lankidetza aukerak
    iii. Kulturarekin elkarlana
e. Ekonomia foroa sortzea: 25.000 euro
    i. Bertako eragile sozioekonomikoen elkargune
    ii. Bilera sektorialak
    iii. Elkarlanean egindako proiektuak sustatu

5. Besterik
Etxebizitzak birgaitzeko laguntzak (efizientzia energetikoa, ikuskaritza teknikoak egiteko, gazteak eta bestelako kolektiboak alokairuan sartzeko, …):  50.000 euro (aurretik alokairurako 50.000 euro zeuden).