Koronabirusak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko plana aurkeztuko du Elgoibarko EH Bilduk

Barren.eus 2020ko api. 30a, 10:14

Elgoibarko EH Bilduko zinegotzi Jon Peli Uriguenek barikuan emango duen hitzaldi telematikoan aurkeztuko du koronabirusak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko prestatu duten plana.

 Bariku honetan, maiatzaren 1ean, egingo du plan horren aurkezpena Jon Peli Uriguen EH Bilduko zinegotziak, Facebook Live-eko zuzeneko emisio baten bitartez. Elgoibarko EH Bilduren Facebook orrialdean jarraitu ahal izango dute elgoibartarrek hitzaldi telematikoa, 19:00etatik aurrera.

Kezkatuta dago Elgoibarko EH Bildu, krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko udal gobernua erakusten ari den ekimen politiko faltagatik. "Itxita dauden dendei eta tabernei zerga salbuespenak ezartzera mugatu da udal gobernuaren ekimen politikoa", adierazi dute. Gure udalerriko ekonomia berpizteko eta herritarrak zaintzeko, ekimen politiko indartsuagoa behar dela uste du EH Bilduk. Helburu horrekin prestatu du krisiaren ondorio ekonomikoei eta sozialei aurre egitea helburu duen plana ezker subiranistak.

Uriguenek emango duen hitzaldia irekia izango dela zehaztu dute, edozeinek jarraitu eta parte hartu ahal izango du bertan. Plana aurkeztearekin batera, elgoibartarren zalantzak eta galderak erantzungo ditu EH Bilduko zinegotziak; era berean, herritarrak egindako ekarpenak ere jasoko dituela gaineratu dute. Herritarren ekarpenak jasotzeko beste bide batzuk ere ireki ditu Elgoibarko EH Bilduk: eh.bildu@elgoibar.eus posta elektronikora idatzita eta 618 680 940 telefono zenbakira deituta.

Bere plana eta jasotako ekarpenak Elgoibarko alderdi politikoekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin partekatu nahi du EH Bilduk. "Krisi honek elkarlana eta elkarrekin aritzea exijitzen dituela argi dauka ezker subiranistak, hau da, bakoitzak daukan onena eman beharko duela eta guztion artean adostu beharko direla konponbideak eta neurriak". Helburu hori dauka, hain justu, alderdi politikoek eta eragile ekonomiko eta sozialek osatutako mahaia eratzeko EH Bilduk egin zuen proposamenak.