COVID-19aren ondorioei erantzuteko mahaia eratzea proposatu du Elgoibarko EH Bilduk

Barren.eus 2020ko api. 27a, 12:36

Elgoibarko EH Bilduren ustez, premiazkoa da eragile politiko, ekonomiko eta sozialen mahaia edo foroa eratzea, Elgoibarren koronabirusak sortutako krisi larriari aurre egiten hasteko.

Ezker soberanistak dio dagoeneko izugarriak direla COVID-19k udalerriko ekonomia -eta gizarte- ehunean laga dituen ondorioak, "eta horiei edukiekin eta herritarren interesak lehenetsita egin behar zaie aurre". Zentzu horretan, ulertezina eta sinestezina iruditzen zaio Elgoibarko Udalak "neurririk hartu gabe eta ezer egin gabe" jarraitu izana.

Alarma Egoera ezarri zenetik eta koronabirusak eragindako lehen ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialak agertzen hasi ziretik zazpi aste igaro direnean, Elgoibarko Udalak ia ez duela jarduera-seinalerik eman kritikatu du EH Bilduk, honela. "Zerga-salbuespenak ezarri besterik ez du egin". Elgoibarko EH Bilduren ustez, egoera larri horrek askoz ere ekintza politiko eta enpatia handiagoa eskatzen du, udalerriko bizilagunak jasaten ari diren egoera dela eta. Euskal Herriko beste toki-erakunde batzuk erakusten ari diren ekintza politikoa eta enpatiarik ez dutela Elgoibarren ikusten diote.
Aldiz, COVID19aren ondorio latzei aurre egiteko EH Bilduk eginiko proposamenak gogora ekarri dituzte. "Proposamen horien adibide dira herriko denda txikien eta autonomoen egoerari aurre egiteko aurkeztutako neurriak". Horiez gain proposamen gehiago dituztela gaineratu dute, Elgoibarko alderdi eta eragile ekonomiko eta sozialekin eztabaidatu eta adostu nahi dituzten proposamenak. Ezker soberanistak azpimarratu du garaia dela laguntzeko, elkarlana eta ideia onenak bilatzeko, asko baita jokoan dagoena. Hala, gogorarazi du Elgoibarko finantza-egoera ona dela, eta, beraz, ezinbestekotzat jo du baliabide horiek ahalik eta hobekien baliatzea, guztion parte-hartzearekin interes orokorrera itzuliko diren planak egiten, eta beti pertsonak politika publikoen erdigunean jarriz.

2020 04 27 elgoibar udaletxea kalegoen