Elgoibarko merkatariei, ostalariei, autonomoei eta enpresei laguntzeko Udalak 800.000 bideratzea proposatu du EH Bilduk

Barren.eus 2020ko api. 14a, 12:00

Koronabirusaren krisiak eraginda egoera zailean dauden merkatariak, ostalariak, autonomoak eta enpresak laguntzeko Elgoibarko Udalak 800.000 euroko diru partida gordetzea proposatu du Elgoibarko EH Bilduk.

"Gaixotasunaren hedapena geratzea izan behar da orain lehentasuna, baina Elgoibarko EH Bilduk argi dauka aurrera begirako lanean ere hasi behar garela eta begirada luzeagoa jartzen hasi beharra dagoela". Asmo horretan, Elgoibarko merkatariei, ostalariei, autonomoei eta enpresei laguntzeko 800.000 euroko diru partida bideratzea proposatu du, Udal administrazioaren egoera ekonomikoa ona dela nabarmendu baitu EH Bilduko zinegotzi Jon Peli Uriguenek. “Udalak baditu baliabideak hori egiteko. Orain da behar dutenei laguntzeko unea”, adierazi du Uriguenek, eta gaineratu du inguruko beste udal batzuk ari direla antzeko neurriak hartzen. Azpeitiko Udala jarri du adibide moduan; "izan ere, koronabirusaren krisia abiatu zenetik milioi bat euro bideratu ditu herritarrei laguntzeko ekimenetara". Elgoibarko Udalak ezarritako laguntzak beste administrazio batzuk ezar ditzakeenekin osagarriak izan daitezkeela plazaratu du Uriguenek. Zentzu horretan, egon daitezkeen diru-laguntzak herritarrei jakinarazteko Debegesak jarrera aktiboa hartu beharra daukala uste du. EH Bilduko zinegotziak joan den barikuan Facebook Live saioan herritarrekin eduki zuen solasaldian eman zuen proposamen horien berri.

Neurriok eta bestelakoak elkarlanean hartu behar direla adierazi zuen. "Konfinamendua abiatu zenean, krisi mahaia eratzea proposatu zuen EH Bilduk, tartean egon daitezkeen eragile guztiekin: udal gobernua, alderdiak, udaltzaingoa, babes zibila... Elgoibarko Udal Gobernuak ez zuen aintzakotzat hartu ezker subiranistak egindako proposamena. Orduz geroztik, ez da posible izan harreman eraginkorra izatea Udal Gobernuarekin, baina EH Bilduk baditu hainbat proposamen, eta beharrezkoa ikusten du proposamen horiek eta etor daitezkeenak aztertzeko eta adosteko foro bat eratzea".
Bestelako neurriak ere mahai gainean jarri zituen mahai gainean Uriguenek. Hala nola, politika fiskalean EH Bilduk honakoa proposatzen du: Udal zergak eta tasak ezabatzea krisi egoera indarrean dagoen bitartean udal zerbitzuak bere negoziorako erabiltzen dituztenei; alokairuak ez kobratzea beraien negoziorako udal jabegoko lokala erabiltzen dutenei, hala tokatzen den kasuetan; zabor eta bestelako tasarik ez kobratzea bere jarduera eten behar izan duenari; zergen kobrantzan atzerapenak onartzea bere jarduera eten beharra izan dutenei.