Elgoibarren eta Mendaron ere irten dira herritarrak balkoira Aberri Eguna elkarrekin ospatzera

Barren.eus 2020ko api. 12a, 15:52

Konfinamenduaren ondorioz Aberri Eguna kalean ospatzerik ez zegoela ikusita, Aberri Eguna balkoietan elkarrekin ospatzera deitu zuten gaurko  Euskal Herria Batera egitasmoaren sustatzaileek. Berezia izan da, beraz, aurtengoa, eta Elgoibarren eta Mendaron ere, jende askok egin dut bat deialdiarekin.

 12:30ean balkoietara eta leihoetara irteteko deia egin zuten Euskal Herria Batera egitasmoa sustatu zuten 27 lagunek, eta hala egin dute gaur milaka herritarrek. Minutu bateko isilunea gorde dute lehenengo, hildakoen omenez, eta ondoren, Txoriak Txori kantua kantatu dute, aurrera egiteko indarra emanez elkarri. Izan da instrumentuak hartuta leihora irten denik ere, bideoan ikus daitekeenez. Txoriak Txori kantuaren ostean, Ikusi Mendizaleak kantua ere kantatu dute zenbait auzotan. Balkoietako ekitaldiaren ostean, mosaikoa osatu dute sustatzaileek, eta ondoren, balorazioa egin dute. Eta pozik, oso pozik, agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin. "Urrats esanguratsua izan da aurtengo Aberri Eguna. Herritar asko batu da ospakizunera bateratasun eskaintzari erantzunez eta eragileek malgutasuna izan dute osagarritasuna bultzatzeko. Komunitate bat irudikatu dugu, herri bat marraztu", zabaldu dute. Bateratasunak duen balioa azpimarratu dute, eta aurtengoak datorren urterako balioko duen itxaropena agertu dute: "Izan bedi bateratasuna 2020ko Aberri Egunaren lezioa, eta izan beza jarraipena hurrengoetan".

2020 04 12 aberri eguna elgoibar

2020 04 12 aberri eguna elgoibar 1

2020 04 12 aberri eguna elgoibar 2 v