Azken urteotako joera errepikatu da Elgoibarren, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan. Botoen %100na zenbatuta, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, botoen %38,65 eskuratuta: 2.308 boto guztira. Apirilean egin ziren hauteskundeetan moduan, EHBildu izan da gaur bigarren alderdi indartsuena, 1.477 botorekin (%24,73), eta alderdi sozialista hirugarren indarra, 984 botorekin (%16,48). Alderdi abertzale biek eta sozialistek behera egin dute boto kopuruan, apirilarekin alderatuz gero, eta aldiz, PPk eta VOXek nabarmen egin dute gora.
Izan ere, PPk 280 boto bildu ditu gaur Elgoibarren, aurrekoetan baino 21 gehiago, eta VOXek, berriz, 83 boto jaso ditu, apirilean baino 31 gehiago. Portzentajetara eramanda, %8,11 egin du gora PPk Elgoibarren, eta ia %60 VOX ek. Ciudadanosek izan duen beherakada handiagatik ez balitz, Espainiako eskumak gora egin duela esango genuke, baina Ciudadanosek golpe handia hartu du gaur Elgoibarren ere. %65eko jaitsiera izan du; bototan: 94. Gaur Elgoibarren laugarren indarra izan den Elkarrekin Podemosek ere, jaitsiera nabarmena izan du, handiena, alderdi guztien emaitzak kontuan hartuta: %20koa (181 boto). Aipagarria da 2016an egin ziren Kongresuko hauteskundeetan, bigarren indarrik bozkatuena izan zela Elkarrekin Podemos Elgoibarren, botoen %14,08rekin.
Esanguratsua da, era berean, parte-hartzean izan den beherakada. Joera nagusia errepikatu da horretan ere, eta bost puntuan apaldu da Espainiako Gorteetarako apirilean izan ziren hauteskundeetatik. Gaur, 8.654 lagun zeuden botoa ematera deituta Elgoibarren, eta 6.000k eman dute.