Aita Agirre kulturgunea 'mamirik gabeko oskola' dela salatu du EH Bilduk

Barren.eus 2019ko urr. 8a, 12:17

Elgoibarko EH Bildu kezkatuta agertu da Aita Agirre kulturgunearen aurrean. Jon Peli Uriguen alderdiko bozeramaileak esan du azpiegitura 'ederra eta modernoa' eraiki duela Udalak, baina 'hutsik' dagoela. Bere ustez, kultur eskaintza proiektu bat falta zaio.

 EH Bilduren iritziz proiektu handia da Aita Agirre Elgoibarrentzat, inbertsio ekonomiko handia eskatu duena. Jon Peli Uriguenek esan du 'pozik' daudela beraiek aspaldi esan zutelako gune hori zela Elgoibarko kulturgintzarentzat egokiena, eta orain 'beste batzuek' ere hortaz konturatu direlako. Baina aldi berean, herriaren horrenbesteko baliabide ekonomikoa jaso duen azpiegitura 'hutsik' dagoela uste du, gaur gaurkoz ez dagoelako eraikin horri 'egiazko zukua' ateratzeko proiektu kulturalik: "Kezkatuta gaudela diogu, entzun baitugu Aita Agirren izango den tabernaren arduradunaren esku geratuko dela eraikinak herriari egingo dion kultur eskaintza. Hilean kontzertu bat eta beste mota bateko ikuskizun/ikastaro/tailer/solasaldi bat eskaintzea bermatu beharko du. Baina oraindik, guk dakigula, taberna horrek ez du arduradunik. Eta jakin dugu udal arduradunak herriko tabernariei eskaintzen ari zaizkiela tabernaren kudeaketa". Aita Agirrek herriari egingo dion kultur eskaintza tabernari baten esku baino kulturgintzan aditua den norbaiten esku egon beharko lukeela uste dute.

 • Plazara proiektua, EH Bilduen proposamena

EHBilduk 'Plazara' proiektua aurkeztu zuen Udal Hauteskundeetako programan, eta horren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Jon Peli Uriguenek esandakoaren arabera, 'herrigintza' proiektua da, gizarte eta kultur alorreko eduki eta ikuspegi desberdinak kontuan hartzen dituena. Proeiktu honen bidez bizikidetza, herri kohesioa, gazteen eta ez hain gazteen aisialdia, tokiko garapena eta auzolana lantzeko aukera ikusten dute, eta konpromisoa hartu dute datozen hiru hilabeteetan herriko eragileekin bilerak egin eta guztien artean "Elgoibarrek behar duen" egitasmoa sortzeko. Azken batean "denon Elgoibar" egiteko konpromisoa hartu dute.

2019 10 08 aita agirre joino martinez arkitektua