Politika

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2019 09 30 pedro mugurutza etorbidea elgoibar plakaPedro Mugurutza arkitekto frankistaren izena daraman Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatu edo bere horretan mantendu behar den erabakitzeko herritarren parte hartze prozesua jarriko du abian Udalak. Ikur frankistei buruzko mozio batek jasotzen duen puntuetako bat da, zeina EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien botoekin onartu zuten.

 Elgoibarko Udalbatzarraren osoko bilkura egin zuten eguaztenean, irailaren 25ean. Elkarrekin Podemosek bost mozio aurkeztu zituen eta ikur frankistak ezabatzeari buruzkoa zen horietako bat, Memoria historikoaren Legeak jasotzen duena betetzeko eskatuz. Legeak Administrazio Publikoei eskatzen die altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren ezkutuak, intsigniak, plakak eta gorespenerako edo oroitzapenezko aipamenak eta objektuak kentzea.
Mozioa plenoan aurkeztu eta eztabaidatu aurretik, baina, gai honen inguruko akordio batera ailegatu ziren Elkarrekin Podemos, EAJ eta EHBildu, eta horixe izan zen plenoan aurkeztu zutena. Akordio horretan jasota dutenez, Elgoibarko Udalak konpromezua hartzen du herrian gelditzen diren ikur frankistak, -Pedro Mugurutzako etxe multzo baten aurrealdean dauden plakak-, kentzeko; eta, denbora tarte ahalik eta laburrenean kendu beharko dituzte. Era berean, Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatzeko aukera ere jasotzen du akordioak. Horretarako, herritarren parte hartze prozesua hasiko dute. Alegia, herritarrek erabakiko dute etorbideari izena aldatu behar zaion ala ez. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien botoekin onartutako akordioak -PSEkoa ez zen plenoan izan- Elgoibarren gelditzen diren ikur frankistak zer egoeratan dauden aztertzea jasotzen du, eta lortutako emaitzak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin partekatzea. Era berean, herriko bizikidetza mahaia izango da prozesua sustatzeaz arduratuko dena.

2019 09 30 pedro mugurutza etorbidea elgoibar 2

 • Franco garaiko arkitektua

1893an Elgoibarren jaio eta 1952an Madrilen hil zen Pedro Muguruza Otaño arkitektoa. Francoren lehen aholkulari, Espainiako Gorteetako prokuradorea eta frankismoaren aldeko izanik kargu garrantzitsuetan aritu zen. Besteak beste Francoren gerraosteko arkitektura zuzendari nagusi izan zen. Ez zuen soilik arkitektura zibilean parte hartu, frankismoaren eraikin handi eta sinbolikoena ere osatu zuen: Erorien Harana (Valle de los Caídos); gaixotu artean bera izan zen arkitektu gidaria. Baina Francoren proiektu pertsonala izanik, diktadurako hainbat eragile eta artistek hartu zuten parte eta Muguruzarena gurutzea da. Donostia nahiz Bilboko Jesusen Bihotzen egilea ere bada, besteak beste. Pedro Muguruza Elgoibarko adopzio-seme izendatu zuten 1943an, seme kutun 1946an eta kale batek bere izena du oraindik herrian.

Elgoibarko berbetia

San Bartolomeak 2019

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza