EH Bilduk "kezka handiz" hartu du legealdi honetarako EAJk eta PSEk iragarri duten akordioa

Barren.eus 2019ko uzt. 12a, 13:48

EH Bilduk dio EAJk eta PSEk karguen banaketa eta udaleko erabakietan gehiengo aritmetikoa bermatzea baino ez dutela nahi izan, "herritarren beharrak aintzat hartu gabe", legealdi honetarako atzo aurkeztu zuten akordioan.

Elgoibarko EHBilduk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, “harriduraz” hartu dute akordioen edukiak ezagutzea. Koalizioak uste du karguen banaketa soilera eta udaleko erabakietan gehiengo aritmetikoak bermatzera mugatzen dela EAJ eta PSE alderdien arteko akordioa. “Edukiez eta herritarren egiazko interesez eta kezkez ez da hitz egin akordio hori gauzatzerakoan. Horren erakusle da EAJko eta PSEko ordezkariek adierazitakoa, legealdi plana hurrengo asteetan prestatzen hasiko direla. Zentzu horretan, Pilarreko balizko zaharren egoitza akordioa justifikatzeko aitzakia besterik ez dela uste du EH Bilduk”, adierazi du Jon Peli Uriguen EH Bilduko bozeramaileak.

Bestalde, uztailaren 15ean onartzeko EAJ-PSE bikoak proposatzen duen batzordeen banaketarekin ez dago ados EH Bildu. "Hiru batzorde baino ez dira izango eta, horien barruan, gai asko eta anitzak landuko dira; hilean behin bilduko da batzorde bakoitza, eta bilera bakoitzak ordubeteko iraupena izango du. Herritartasun batzordean, esaterako, sei gai ezberdin landuko dira: euskara, kultura, gazteria, kirola, berdintasuna eta ongizatea. Hilean behin eta ordubeteko tartean gai horiek guztiak jorratzeko tarterik ez dago", dio EH Bilduk, eta arlo bakoitzeko teknikariek bere gaiak azaltzeko denborarik ez dutela izango nabarmendu du. Uriguenek esan duenez, banaketa eredu hau ezin hobea da gobernuan dauden EAJrentzat eta PSErentzat, gardentasunik ez egotea ekarriko duelako, modu honetara azken legealdiko joerari jarraipena emanez. "Azken lau urteotan, gai asko komunikabideen eskutik jakin dugu, eta beldur gara hori errepikatuko dela, tamalez”, adierazi du Uriguenek.

EH Bilduk oposizio “arduratsua eta eraikitzailea” egingo duela adierazi du Uriguenek. “Atzo ezagutu genuen EAJ eta PSEren arteko akordioa hor egon arren, EH Bilduk jarraituko du lanean, herritarren egiazko interesak Udalera eramaten, herritarren iritziak eta proposamenak lehen eskutik ezagutzen eta gure proiektu eta proposamenak aurkezten”.

“Penaz” hartu du Uriguenek akordio hau eta akordio horren atzean ezkurtatzen den eduki eta programa eza. “Penaz hartu dugu, baldintza egokiak zeudelako Elgoibarren bestelako kudeaketa egiteko, udalerrian iritzi guztiak aintzat hartzeko, talde politiko eta herritar ororen iritziak ezagutzeko eta aintzat hartuak izateko. Azken baten, Elgoibarko Udala elgoibartar guztiei zabaltzeko. Elgoibar hobe bat denon artean eraikitzeko baldintzak zeuden legealdi honetan, baina EAJk eta PSEk nahiago izan dute bere zilborrera begiratzea eta bere interesak bermatzea, herritarren egiazko interesak ahaztuta”.

∞Lotura duten albisteak: