Legealdirako akordioa adostu dute EAJ-k eta PSE-k

Barren.eus 2019ko uzt. 11a, 18:51

EAJ-k eta PSE-k datorren legealdirako akordioa adostu dute, eta horri esker, Fernando Suarez sozialista izango da Udaleko giza baliabideen arloaren arduraduna, eta baita ere, Debabarreneko Mankomunitateko ordezkarietako bat. 

Ane Beitia alkateak eta Fernando Suarez sozialistak agerraldia egin dute gaur arratsaldean, legealdi berrirako lortu duten akordioaren berri emateko. Akordio honi esker, Fernando Suarezek hartuko du Udaleko giza baliabideen alorraren ardura, eta Debabarreneko Mankomunitateko ordezkarietako bat izango da. Elgoibarrek hiru ordezkari izango ditu Debabarreneko mankomunitatean, EAJ-ko bi eta PSE-ko bat. Horrez gain, Mankomunitateko presidente kargua ere aldatu egingo dute uztailaren 26an, eta aurrerantzean Josu Arraizek beteko du orain arte Arcadio Benitez sozialistak zeukan presidente postua. 

Datorren astelehenean, bestalde, legealdi berriko lehenengo osoko bilkura egingo dute, eta besteak beste, Gobernu Batzordea eratuko dute. Alkateak eta bost zinegotzik osatuko dute Gobernu Batzordea, eta alderdi politiko guztiek izango dute ordezkaritza: EA-Jk bi zinegotzi izango ditu Gobernu Batzordean, eta EHBilduk, PSE-k eta Podemosek bana. Osoko bilkura hori baliatuko dute bestalde alkatearen eta zinegotzien soldatak onartzeko ere. Datorren legealdian Elgoibarko Udalak hiru liberatu izango ditu lehenengo aldiz: alkatea eta hirigintza burua EAJ-tik eta, oposizioan EHBilduko zinegotzi bat. 

Udalaren funtzionamenduari dagokionean, hiru batzorde nagusi bereiztu dituzte: Antolakuntza, lurraldetasuna eta herritartasuna. Lehen bost batzorde zeuden, baina Ane Beitiak esan duenez, uste dute hiru batzorde egoteak Udalean ordezkaritza txikiagoa duten alderdien parte-hartzea erraztu egingo duela. Aurrerantzean, legealdi plana idatziko dute, eta horren barruan Pilarreko Erresidentzia izango da proiektu garrantzitsuenetarikoa.