Ane Beitia izendatu dute Elgoibarko alkate berriro ere

Barren.eus 2019ko eka. 15a, 13:29

EAJ alderdiaren hautagai Ane Beitia izendatu dute alkate, berriro ere, bere alderdiaren aldeko botoei esker.

EAJko zinegotzien zortzi boto horiei esker, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan botorik gehien jaso zituen alderdia EAJ-PNV izanik, Ane Beitiak beste agintaldi bati aurre egingo dio. Jon Peli Uriguen, EH Bilduko hautagaiak ere alkate izateko hautagaitza aurkeztu du, bere alderdiaren zazpi botoak jasoz. Elkarrekin Podemosek (1) bere burua bozkatu du eta PSE-EE (1) abstenitu egin da.

Jendez gainezka egon da Udalbatza eratzeko 12:00etan egin duten osoko bilkura berezia. Adin Mahaia osatu dute lehenik zinegotzi zaharrenak eta gazteenak, Fernando Suarezek (PSE-EE) eta Maialen Gurrutxagak (EAJ), eta kargu hartze batzarrei dagokion protokoloa bete dute horiek idazkariaren laguntzarekin. Ondoren, zinegotzi guztiek hartu duten karguari zin egin diote. EHBildukoek “legeak hala behartuta”. Bitxikeriarik ere egon da, EHBilduko zinegotzi Eneritz Azkuek bertso bat abestu baitu zin egitea tokatzen zitzaion unean. Zin egitearen ostean, alkatea aukeratzeko bozketa egin dute zinegotzi kargu-hartu berriek. Adin Mahaiko kideek kontatu dituzte botoak.

ARGAZKI-BILDUMA: kargu-hartze ekitaldia

Honela geratu da, beraz, Elgoibarko Udal Gobernua:

  • EAJ-PNVk alkatea eta zazpi zinegotzi izango ditu: Ane Beitia (alkatea), Iosu Arraiz, Andrea Arriola, Atsegin Uzuriaga, Iñigo Loiola, Maialen Gurrutxaga, Blanca Larrañaga eta Gorka Garaizabal.
  • EHBilduk zazpi zinegotzi izango ditu: Jon Peli Uriguen, Itxaso Egaña, Joseba Osoro, Eneritz Azkue, Jorge Hernando, Aitziber Aranberri eta Jon Etxabe.
  • PSE-EEk zinegotzi bat: Fernando Suarez.
  • Elkarrekin-Podemosek zinegotzi bat: Evaristo Rodriguez.

•Ane Beitia, hunkituta

Elgoibarko alkate izatea "elgoibartar batentzat ohore handia" dela esan du Ane Beitiak kargu-hartze ekitaldiaren amaieran hitza hartu duenean. Gobernu taldeak azkenengo lau urteetan jarraitutako ildoetan oinarrituko dela esan du, "kudeaketa eraginkor, erantzule eta hurbil" baten alde apustu eginez elgoibartarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoarekin. Beitiak gainerako alderdi politikoak entzutea, haiekin berba egitea eta akordioetara iristea beharrezkoa izango dela nabarmendu du. Hautskunde programa betetzeko konpromisoa ere berretsi du. Horretarako, talde "zintzo eta arduratasua" duela adierazi du. “Erantzulea udaleko diru-kutxa kudeatzerakoan, eta erantzulea elgoibartar guztien interesak defendatzerakoan, inolako bereizketarik gabe”, esan du bere alderdikideez. Bere hitzaldiaren azken zatia eskerrak emateko erabili du Beitiak eta hunkituta esan ditu azken hitzak, negarrari ezin eutsirik: "nire eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiet Udaleko langileei, kargua uzten duten zinegotziei eta zinegotzi berriei, nire alderdiari, familiari eta EAJ-PNVren hautagaitzan konfiantza ezarri duten pertsona guztiei".