EAJko Iñaki Arregi izendatu dute Mendaron alkate, PSE-EEren babesarekin

Barren.eus 2019ko eka. 15a, 12:40

Bukaeran Arregik eskerrak eman dizkie euren alderdian sinistu duten mendaroar guztiei eta Mendaroko alkate izatea "ohore eta erantzukizun" handia direla esan du. Datozen lau urteetarako, berriz, "lana eta lana" agindu ditu. Programan esandakoak betetzeko lan egingo duela nabarmendu du, "hitzetatik ekintzetara" pasatuta.

 

2019 06 15 Udal Gobernua MendaronEz da ezustekorik izan Mendaron. 13:00etan hasi da udal gobernua osatzeko saioa, eta uste zena bete da: EAJko Iñaki Arregik Enetz Ezenarrok baino bi boto gehiago eskuratu ditu, eta bera izango da hurrengo lau urteotan alkate. EHBilduk, hortaz, alkatetza galdu du, maiatzeko hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izan bazen ere. Bozketaren ostean, Enetz Ezenarro EHBilduren alkategaiak hartu du hitza eta adierazi du "paratxutista batek" erabaki duela Mendaron nork aginduko duen, Mari Jose Telleria eibartarrari erreferentzia eginez. Tristea iritzi dio herriko alkatea izendatzeko erabakia "Bilbon, Madrilen edo behintzat Mendarotik kanpora" hartu izanari, baina, hala ere, oposiziotik,  EHBilduk "Mendaroren alde" egiten jarraituko duela adierazi du. "Gu ez gaude indar txikiak batu eta indar handiagoak desplazatzearen kontra orokorrean. Pentsatzen dugu baldintza batzuk betetzen direnean zilegia dela, eta ez legezkoa bakarrik. Baina pentsatzen dugu hauteskunde hauetan, hemen,  zilegitasun hori ez dela betetzen. Garbi dago EAJren eta PSEren artean irudikatu duten akordio hau inondik inora ez dela Mendaroko taldeen arteko akordio baten fruitu. Alderdietako exekutiben kromo trukaketa baten baitan kokatzen da akordioa", esan du Ezenarrok. Hala ere, eskua luzatu dio EAJri, Mendaroren alde egiteko: "Oposiziora pasatuko gara dagokigun bezala, bost zinegotzirekin eta 451 botok ematen diguten zilegitasun eta duintasun guztiarekin, eta zalantzarik ez euki: guk, oposiziotik ere, Mendaroren alde egingo dugu. Oposizio eraikitzailea izango da gurea, eta Mendarorentzat positiboak diren gauzetan elkarlanerako prest izango gara beti".