Zapatuan izendatuko dituzte Elgoibarko eta Mendaroko alkateak, Udal Gobernua osatzeko udalbatzaren ezohiko saioan

Barren.eus 2019ko eka. 12a, 11:59

Hauteskundeak egin eta hogeigarren egunean osatzen dira Udal Gobernuak helegiterik izan ez den kasuetan, eta beraz, Elgoibarren eta Mendaron, ekainaren 15ean, izendatuko dituzte alkateak, Udala osatzen den egunean bertan aukeratu ohi delako herriko agintari gorena ere.

Udalbatzaren ezohiko bilera hauek publikoak dira, eta beraz, edonork dauka zuzenean jarraitzeko aukera. Elgoibarren, 12:00etan hasiko da bilkura, eta Mendaron, ordubete beranduago, 13:00etan. Bozketa bidez aukeratzen da alkatea. Lehenengo bozketan gehiengo osoa lortzen duena izendatzen dute alkate, eta gehiengo osoa inork lortzen ez duenetan, hauteskundeetan boto gehien lortu zituen zerrendako lehen hautagaia izendatzen dute alkate. Berdinketa egonez gero, berriz, zozketa bidez aukeratuko lukete alkatea. Eta hauteskundeetako emaitzei erreparatuz gero, aukera ezberdinak daude.

Elgoibarren, EAJrena izan zen zerrenda bozkatuena, 2.629 botorekin. Hala ere, gehiengo osoa galdu zuen EAJk, zinegotzi bat galduta, eta Elkarrekin-Podemos sartu zen Udalean. EAJk zortzi zinegotzi lortu zituen, EHBilduk zazpi, eta bana PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, eta beraz, ezustekorik ezean Ane Beitiak jarraituko du alkate izaten. Nolanahi ere, hauteskunde biharamunean Podemosetik adierazi zuten eurek ezkerrekoen alde egingo dutela, eta beraz, Fernando Suarezen botoa erabakigarria izango da.

Mendaron, berriz, EHBilduk batu zituen boto gehien, 451, baina zinegotzitan EAJrekin berdintuta gelditu zen. Bosna zinegotzi eskuratu zituzten EHBilduk eta EAJk, eta bat, PSE-EEk, eta horrenbestez, Mari Jose Telleria PSE-EEren zinegotziaren botoa erabakigarria izan daiteke biharko bozketan.

Goiko argazkian orain dela lau urteko Elgoibarko udalbatzarra, eta Mendarokoa beheko argazkian.

∞Lotura duten albisteak: