Auzoetako bileren balorazio positiboa egin du EHBilduk

Barren.eus 2019ko mai. 20a, 13:33

Elgoibarko EHBildu sinetsita dago gardentasuna izan behar dela Udalaren ezaugarri nagusienetako bat, eta horregatik jarri zuten martxan auzoz auzo bilerak egiteko egitasmoa. Herritarrekin gertuko harremana izatea eta beraien kezkak entzutea zen helburua, eta lortutako emaitzarekin oso gustura geratu dira.

Sei bilera egin ditu EHBilduk auzoz auzo, auzoetako herritarren kezkak entzun eta haiei erantzuna emateko. Altzola, Urazandi, San Roke, Sigma San Pedro eta Santa Anako bizilagunekin bildu dira. EHBilduko hamabi bat lagunek hartu dute parte auzoetako bileretan, eta guztira 100 bat auzotarren ahotsa jaso dute. Jakin badakite ez direla auzo guztietara iritsi, baina konpromisoa hartzen dute auzoz auzoko egitasmo honekin jarraitzeko, uste dutelako "denon artean" eraiki behar dela Elgoibar. Udal Gobernuan egon edo oposizioan egon, auzotarren ahotsa jaso eta Udalera eramateko konpromisoa hartu dute. Denen beharrak asetzeko ahalegina egingo dute, azken batean "denon Elgoibar" sortzeko. Bihar, esaterako, jubilatuekin egingo dute bilera bat Musika Eskolan, 19:00etan.

EHBilduko kideak oso gustura geratu dira egitasmoak emandakoarekin, eta balorazio "ezin positiboagoa" egin dute. Elgoibarko Udala elgoibartarrei bizkarra emanda aritu dela uste dute. Bileretan jaso dutenez, elgoibartarrek utzikeria eta abandonu sentsazioa daukate Udalaren partetik, beraien proposamenak eta kexak ez dituztelako aintzat hartzen. EHBildurentzat egoera hau aldatzeko unea iritsi da, Elgoibarrek aldaketa behar duela uste dute, udaletxeko leihoak ireki eta haize freskoa sartzeko beharra dagoela diote: "Elgoibarrek proiektu berria behar du, elgoibartar guztiak entzun eta zainduko dituen alkatea eta Udala behar du gure herriak, inor baztertu gabe". EHBildutik "aldaketa" ekarriko dutela ziurtatu dute.

Jarraian dituzue auzoetan jaso dituzten eskaeren laburpena:

- Altzola:
Auzotarrak "ahaztuta" sentitzen dira, eta uste dute euren beharrak ez dituztela aintzat hartzen udaletxean. Ez daukate gasik herrian, ezta zuntz optikorik ere, baina euren lehentasuna Altzola herrigunearekin lotuko duen bidegorria da, Elgoibar erdigunera oinez etorri ahal izateko. EHBildurentzat bidegorri hau lehentasunezko kontua izango da.

- San Roke
San Rokeko bizilagunen kezka nagusia autopistako zaratak dira. EHBilduk uste du zarataren kontrako panelak jartzea ez dela nahikoa, eta euren proposamena da gune horretan autoen abiadura 80ra mugatzea, zarata murrizteko. "Botelloia" ere arazo bat da San Roken, jende asko hara joaten delako edatera, eta noizbait sua ere egin izan dutela aipatu dute. Aparkatzeko arazoak ere nabarmendu dituzte. San Rokeko kideek ere esan dute Udala ez dela auzora joaten beraiei entzutera.

- Sigma
Sigmako kezka nagusia auzorako irisgarritasuna da. Anbulantzia ezin da portal askotara iritsi, autoak sartzeko zailtasunak daude, aparkatzeko arazoak daude… Obra handi bat egitea aurreikusita dago Sigman, baina EHBilduk uste du Sigmako bizilagunak ezin direla obra handi horren zain egon, eta neurriak hartu behar direla.

- Urazandi
Urazandiko bizilagunek eskerrak eman dizkiete EHBildukoei, 40 urtean lehenengo aldiz alderdi politiko bat beraien kezkak entzutera joan delako. Urazandi "ahaztuta" dauka Udalak. Espaloiak oso gaizki daude, irisgarritasun arazoak daude, auzorako sarrera-irteerak ez dira egokiak, jendeak edozein lekutan uzten du autoa, zabor edukiontziak zabaltzeko zailtasunak dituzte… Bizilagun asko herrira joan behar izan dira bizitzera. EHBilduk proiektu oso eta landua aurkeztu du Urazandirako, eta konpromisoa hartu du Urazandi herrigunera gerturatzeko.

- San Pedro
Uren kanalizazio desegokia nabarmendu zuten auzotarrek, eta esan zuten errepidetik datozen urak beheko etxeetan sartzen direla. Espaloiak zahartuta daude, zebrabideak ez dira altuak eta autoak oso azkar ibiltzen dira, haur parkean hezetasun handia dago, aparkatzeko arazoak dituzte… Hauek ere aipatu zuten Udala ez dela eurekin gogoratzen.

- Santa Ana kalea
Kezka asko dituzte hauek ere: plastikoaren edukiontziak falta dira, aparkaleku arazoak dituzte, zebrabide altuetan ume alkiarekin ibiltzeko arazoak dituzte… Baina kezkarik handiena Babes Ofizialeko etxeen atzeko igogailuarekin daukate. Igogailu hori ez da erabiltzen, eta gaur egun umeak ibiltzen dira jolasten eta arrisku handiko gunea dela adierazi dute. Euren ustez, Udalak ezin du beste alde batera begiratu.

Bilera hauetan auzoetako informazioa biltzeaz gain, herriguneko hainbat kezka ere jaso ditu EHBilduk. Besteak beste, Kalegoen plazan umeak jolasean ibiltzen direla eta hori adinekoentzat arriskutsua dela, herrian zakarrontziak eta komunak falta direla, zarata eta kontaminazio akustiko handia dagoela, herria zikina dagoela… Hainbat bizilagunek, bestalde, hilerri zibil baten beharra ere nabarmendu dute.