Politika

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Hauteskunde kanpainaren barruan, egin asmo dituen hainbat proiekturen berri eman du Elgoibarko EAJk prentsaurreko batean. Ane Beitia alkateak eta Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziak eman dituzte azalpenak.

Beitiak nabarmendu du urtez urte egindako kudeaketa zorrotzak ahalbidetzen duela proiektuok gauzatzea, eta proiektu guztiak herritarren ekarpenak aintzat hartuta egin dituztela, "herritarren parte-hartzea sustatuta". Horren harira zehaztu du Elgobarko Udalak zorrik gabe bukatuko duela legegintzaldi hau, eta aurrerantzean ere, EAJk "arduraz" jokatuko duela agindu du. "Kudeaketa zorrotz-zorrotza eta gardena izango da", gehitu du.

Hona hemen proiektuak, banan-banan:

 Bidegorrian, komuna. "Aspaldiko eskaera bati erantzungo diogu", esan du Beitiak. Bidegorria berez Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko kontua dela nabarmendu du alkateak, baina hala ere, komuna jarri egingo dutela esan du. Hirugarren zentral elektrikotik gertu jarriko dute komuna, uda partean. Orduan hasiko ditu Aldundiak Elgoibar Eibarrekin lotuko duten bidegorriaren obrak ere. 

 Bolatokiko parkearen birgaitzea eta ludoteka lekuz aldatzea.
2018ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan boto gehien jaso zuten hiru proiektuak gauzatuko zituela agindu zuen Udalak eta horietako bat zen bolatokiko parkea birgaitzea. Elgoibarko erdiguneari bizitasuna eman nahi diote proiektu honekin. Parkea berritu ostean, ludoteka Bolatokira aldatuko dute lekuz. 200 metro koadroko azalera izango du ludoteka berriak, gaur egungoak baino 70 metro koadro gehiago. 2019an prest egongo da proiektua eta obra "berehala" hasiko da.

 Nagusientzako baliabideak "bermatuta".
Legealdi honetan erosi du Udalak Santa Klarako konbentua zena eta eraikin horrekin, San Lazaroko egoitzarekin eta Pilarreko egoitza berriarekin "elgoibartarren behar guztiak" asetuko dituztela esan du alkateak. Era horretan "zerbitzu integrala" eskaini nahi dute. Otsailaren 28an Elgoibarrera egindako bisitan Markel Olano ahaldun nagusiak jakinarazi zuen Pilarreko zaharren egoitza 2020rako martxan izatea aurreikusten dutela eta hala berretsi du Ane Beitia alkateak berak gaur. Horren harira esan du obrak Urazandirako irisgarritasuna hobetzeko aukera emango duela eta baita auzotarren aparkatzeko arazoei irtenbide bat emateko ere, Pilarren aparkalekuak egitea aurreikusita dutelako. "Auzotarrek han aparkatzeko aukera izango dute".

Eguneko zentroa.
Ekainean zabalduko dute eguneko zentro berria Uparitzaga kalean, babes ofizialeko etxebizitzen beheko solairuan. 350 metroko koadroko azalera izango du azpiegitura berri horrek, eta 30 familiari zerbitzua emateko aukera izango da bertan, nahiz eta zerbitzua 20 plazarekin hasiko duten. Eguneko zentro berria zabaltzen dutenean, gaur egungo lokala, King-kong eraikinekoa, libre geldituko da eta Jubilatuen Biltokiari gehituko zaio. Lokal horretan, goizetan, mendekotasun maila apala duten pertsonei egokitutako zerbitzuak eskainiko dituzte. Arratsaldeetan, berriz, beste erabilera bat izango du, eta herriko elkarte ezberdinek erabili ahal izango dute. Jubilatuek eta Nualak, aniztasun funtzionala edo adimen urritasuna duten pertsonen guraso eta lagunen taldeak, egin izan dute eskaera.

Herria biziberritzea.
Pedro Muguruza auzoko eskola zaharra bota egingo dute, lur azpiko solairua mantenduta. Taupada antzerki taldeak eta Eskuz arte tailerrekoek dituzte lokalak eta lur azpiko solairu horretan eraiki berri dituzte herriko musikarientzako lokalak ere. Horiek bere horretan utziko dituzte, baina gainerako guztia eraitsi egingo dute, eta gaur lokal horiek erabiltzen dituzten  gainerako elkarte eta zerbitzuei "merezi duten moduko beste gune bat" eskainiko diete. Eraikina botata, 1.000 metro koadroko espazioa hutsik geldituko da eta hor zer eraiki erabakitzeko auzotarrekin bilduko dira. Hirigintza zinegotziak aurreratu du euren proposamenean aparkalekuak, parkeak edo biak sortzea lehenesten dutela, baina proiektu ezberdinak proposatuko dituztela, eta auzotarrekin erabakiko dute. 2022ko urtarrilean eraitsiko dituzte eskolak.

Bestalde, Urazandiberrin Danobatek eta Goratuk dituzten pabiloi zaharrak ere eraitsiko dituzte eta aparkalekuak sortuko dituzte. Era berean, inguru horri "beste itxura bat" emateko baliatuko dute aukera hori, herriko sarrera "duintzeko", Ane Beitiaren arabera.

Irisgarritasuna hobetzea Urazandin, Errota-Berrin eta San Roken.
"Irisgarritasuna hobetzea beti izan da estrategikoa guretzat", esan du Ane Beitiak eta horren barruan hiru egiteko aipatu ditu. Batetik, Urazandiko eskailera mekanikoak igogailuengatik ordezkatuko dituztte. 2020an hasiko dira proiektua gauzatzen. Bestetik, Pilarreko egoitza eraikitzen dutenean, inguru horretan beste igogailu bat jarriko dute, hasierako proiektuan jasota duten bezala. Errota-Berriko eskailera mekaniko luzeak ere kenduko dituzte eta haien ordez igogailua jarriko dute. Era berean, igerileku berria eraikiko duten lekutik gora ere igogailua eraikiko dute, San Roke auzoko irisgarritasuna hobetzeko.

Igerilekuen handitzea.
"Igerilekuak bai gelditu zaizkigula zaharkituta eta txiki, eta askotan esan izan digute erabiltzaileek", aitortu du alkateak. 1988an eraiki zuten Olaizaga kiroldegia eta urtarrilean sinatu zuen Udalak igerilekua handitu eta berritzeko proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Zortzi kaleko igerilekua izango da, aurrez jakinarazia dutenez, eta obraren esleipena Udalbatzaren datorren asteko osoko bilkuran, maiatzaren 23koan, onartuko dute, obrak irailean hasteko. Igerileku berria izango denaren goiko aldean aparkalekuak egingo dituzte, eta obra bera San Rokeko irisgarritasuna hobetzeko ere baliatuko dute.

Pantaila akustikoak A8 autobidean.
Ekainaren 17an ekingo diote Ikastolatik San Rokerainoko autobide bazterrean pantaila akustikoak jartzeko proiektuari. Donostiako norabidean, biaduktoan eta Erretsundi parean jarriko dituzte, eta Bilboko norabidean, Ikastolaren atzeko aldetik Institutu atzera arteko zatian. Aurrena, baina, Iberdrolak argindar linea lurperatu behar du, eta beraz, aurreikusi dute urte amaiera aldera hasiko direla panelak jartzen. Arraizek zehaztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako zarataren maparen emaitzei lotuta dagoela inbertsio hau. Zarata-maila eta panelek mesede egingo lioketen herritar kopurua aintzat hartuta, panelak Elgoibarren, Zarautzen eta Errenterian jartzea lehenetsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bidegik eta Foru Aldundiak finantzatuko dute obra, eta milioi t'erditik gorako inbertsioa izango da. Basarte, Erretsundi eta San Rokeko auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko balioko duela nabarmendu du alkateak, bai eta Ikastolako eta Institutuko ikasleen egunerokoa hobetzeko ere. Guztira, 2.000 laguni egingo die on, Arraizen esanetan.

Sigma eta Altzolako ekipamenduak.
Sigmako lokal sozialeko obrak bukatzean, irailean, Altzolako lokal soziala berritzeko obrari ekingo diote. "Auzotar guztientzako lokal zabal, irekia eta polibalentea" eraikiko dute, "auzotarren elkargune" izateko.

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza