Arregik esan zuen Mendaro "biziago" baten alde egiteko gogoz aurkezten dela EAJren lantaldea Udal Hauteskundeetara, eta Mendaro "loleku huts" izan ez dedin, beharrezko diren azpiegiturak eta zerbitzuak sustatuko dituztela agindu zuen. Hainbat lehentasun aipatu zituen. Batetik, herriko enpresak sendotzeko eta industria berriak erakartzeko lan egingo dutela zehaztu zuen, eta tokiko merkataritza eta lehen sektore sustatzeko ere neurriak hartuko dituztela agindu. Lehentasunen artean aipatu zituen, era berean, bizikidetza eta berdintasuna bultzatzea ere, bai eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartzea ere. Egibarrek eskerrak eman zizkion Iñaki Arregi berari, bai eta haren zerrendakideei ere hartutako konpromisoagatik eta nabarmendu zuen EAJk eskaintzen duela EHBildu agintean izan den lekuetan bizi izan den "motelaldiari" aurre egiteko aukera.