Urazandi auzorako irisgarritasun plan proposamena aurkeztu du EHBilduk

Barren.eus 2019ko mai. 8a, 12:18

Elgoibarko EHBilduk Urazandi auzorako proposatu duen irisgarritasun plana aurkeztu du gaur. Urazandi auzoa “ahaztuta” egon dela azaldu dute, eta horregatik herrigunearekin lotzeko proposamena landu du EHBilduk. Bideo bat ere egin dute euren proposamenaren berri emateko.

Jon Peli Uriguen, Jose Javier Arregi eta Aitziber Aranberrik prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, Urazandi auzorako proposatu duten irisgarritasun plana aurkezteko. Uriguenek esan du pertsonak direla EHBildurentzat lehentasuna, eta Elgoibar atseginagoa egin nahi dutela, pertsona horiek “gustura” bizitzeko. Urazandi auzoa “ahaztuta” egon dela gaineratu du, eta horregatik herrigunearekin lotzeko proposamena landu du EHBilduk. Proiektua bi fasetan gauzatuko lukete: Lehenengo fasean Pilarreko lursailean dauden hondakinak kendu eta bi igogailu eraikiko lituzkete, ingurune hori Urazandirekin lotzeko. 

Bigarren fasean, merkatu plaza bota, eta ibaiaren zati bat estalita terraza moduko bat sortzea proposatzen dute, Urazandi Lekuederrekin lotzeko. Errepide azpian aparkalekuak egiteko aukera ikusten dute, herrian dagoen aparkatzeko arazoari irtenbidea emateko, eta Pilarreko espazioa herritarrekin eztabaidatuko lukete zer egin. Aukera desberdinak ikusten dituzte beraiek: aisialdi gunea, aparkalekuak, zahar etxea... Asmo handiko proiektua dela jakitun dira, baina EHBilduk uste du proiektu honekin herri guztiak irabaziko lukeela, izan ere, Urazandi auzoa herrigunera gerturatuta, hango auzotarrek gehiago kontsumituko lukete herrian, eta merkataritza txikiak ere irabaziko luke. Herria “hiltzen” ari dela esan dute, enpresak herritik joaten direlako eta denda txikiak ixten ari direlako. Auzoak herrigunearekin lotzea ezinbestekotzat jotzen du EHBilduk, herria bizirik mantentzeko.

EHBilduk argi utzi nahi du hau hasierako proposamena besterik ez dela, eta ekarpenak eta hobekuntzak jasotzeko prest daudela. Honako bideoa ere aurkeztu dute: