Aurreikusita dagoen prozedura parte hartzaileari "uko eginez" onartu dela Elgoibarko Partaidetza Plana dio EHBilduk prentsa ohar bidez. "Herritarren Partaidetzari Buruzko Araudiak dioena eta EAJren Udal Gobernuak egin duena ez datoz bat", salatu du koalizioak, eta araudiak dioena eta Udal Gobernuak egin duena alderatu egin ditu, lau puntutan.
"Elgoibarko Udalak herri partaidetzari buruzko udal plana idatziko du dio araudiak. Parte hartzearen batzordeak idatzi zuen ordea, eta batzordean aurkeztu zuen 2017ko azaroan".
Plan hori Udalbatzarraren Osoko Bilkurak onartu aurretik, Herri Batzarrari aurkeztu behar zaiola gogora ekarri dute bigarren puntuan "organo honek, plan horri buruzko proposamernak egin ditzan". Araudian aurreikusten den Herri Batzarra osatu gabe dagoela azaldu dute, baina. "Partaidetza plana udal kudeaketaren informazio batzordean aurkeztu zen. EHBilduk bere ekarpenak aurkeztu zituen. Ez genuen iniolako erantzunik jaso. Ez dira kontuan hartu".
Herritarren ekarpenak jasotzea plana idazteko nahitaezko baldintza dela gogora dakar EHBilduren salaketaren hirugarren puntuak. "Ekarpen horiek, kontuan hartu eta aztertu egin beharko dira plana onartu aurretik. Hori da arauak dioena. Eta, EAJren Udal Gobernuak ez die herritarrei planaren berri eman. Ez da beraz inolako aukerarik egon ekarpenak egiteko".
Azkenik, Udalaren Osoko Bilkurari dagokiola herri partaidetzarako plana onartzea nabarmendu du Elgoibarko EHBilduk, Udalean barne tramitazioa egin ondoren. Aitzitik, "inongo udal organok onartu gabe" jarri dutela abian plana leporatu diote Udal Gobernuari. "EHBildutik egoera salatu dugunean ekin diote onarpen prozesuari. Partaidetza plana Udal Gobernuaren batzordeak onartu du, eta ez Udalaren Osoko Bilkurak, araudian jasota dagoen moduan".