Xabier Arzalluz politikariari buruzko dokumentala emango dute Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2018ko mai. 31a, 14:46

Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa dokumentala ikusteko aukera izango da barixaku honetan Elgoibarko Herriko Antzokian.

Xabier Arzalluz Antia (Azkoitia, 1932) politikariari buruzko dokumentala joan den martxoaren 24an eman zuten estreinakoz jendaurrean. Donostiako Antiguako batzokiak sustatu eta gauzatu du Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa izeneko dokumentala.

Arzalluzek ahotsa jarri die dokumentalean bere ibilbide politikoari zein Euskal Herriko azken 50 urteetako hainbat gertaerari buruzko iritziei eta ikuspuntuei: "Nolatan abertzale eta zergatik aukeratu zuen Euzko Alderdi Jeltzalea, herri-eraikuntza, Katalunia, espainiar Estatua; familia abertzaleko bi indar nagusiei buruzko gogoeta, Euzko Alderdi Jeltzaleaz eta Ezker Abertzaleaz pentsatzen duena. Baita ETAri buruz, Estatu indarkeriaz, Espainiako erregeez. Ikusiko dugu Alderdiaren zatiketaz pentsatzen duena, Eusko Alkartasunaz. Franco hil ondorengo giroa zertan zen, eta geroago, erabakitzeko eskubidea, Lizarra-Garazi Ibarretxeren garaia". Etorkizunaz ere badihardu Arzalluzek dokumentalean. Azkoitiarra EAJko Euzkadi Buru Batzarreko buru izan zen 1980 eta 2004 artean.

Elgoibarren barixaku honetan, ekainak 1, emango dute dokumentala, 19:30ean, Herriko Antzokian.

xabier arzaluuz dokumentala elgoibar