Bakearen Artisauek deitutako Orain presoak! mobilizazioan parte hartu zuten elgoibartarrek eta mendaroarrek trenean eta autobusean joan zirela Parisera azaldu dute, eta horietako batzuek elkarrekin ateratako argazkiak dira goikoa (elgoibartarrak ageri dira) eta behekoa (mendaroarrak). Eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariak izan ziren Parisen, EAJko, EH Bilduko, ELAeko, LABeko eta Frantziako Alderdi Sozialistako kideek, besteak beste. Arnaldo Otegi EHBilduko koordinatzaile nagusia ere Parisera joatekoa zen arren, gripeak jota Mendaroko Ospitalean egon behar izan zuen, sare sozialetan berak azaldu zuen moduan.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Euskal Herri osotik joandako 11.000 lagun inguru bildu zituen manifestazioak, eta horiek euskal presoen gaian urratsak egiteko eskaera eraman zuten Frantziako hiriburura.