2012. urtean ekin zion Elgoibarko Udalak bizikidetza lantzeko prozesuari. Hortik sortu zen gero Bizikidetza Mahaia, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen artean bakearen eta bizikidetzaren arloan hausnarketa eta ahalik eta adostasun zabalena bilatzeko asmoz. Gaur egun, Ane Beitia alkateak eta Jose Luis Ibartzabal (EHBildu) eta Nerea Alustizak (PSE-EEk) osatzen dute mahai hori, eta hirurak batera agertu dira gaur prentsaren aurrera, martitzenerako iragarri duten ekitaldiaren aurrerapena egiteko. Hiruko hori da, hain justu ere, herrian gertaturikoaren memoria egiteko lana enkargatu ziona Giza Eskubideen aldeko Argituz elkarteari. Eta lan horretan batzen dira 1956. urtetik 2016ra bitartean Elgoibarren izan diren giza-eskubideen urraketak eta indarkeria-ekintzak.
"Lan honetan bildu ahal izan ditugun egia, kontakizun, eta ikuspuntu guztiak azaltzen dira. Azken batean, txosten hau, zer gertatu zen, nola gertatu zen eta zergatik geratu zen ulertu ahal izateko hastapen bat baino ez da, pertsonen arteko konfiantza eta bizikidetza berreskuratzen lagunduko duena eta memoria sozial partekatu bat eraikitzeko aukera ahalbidetuko duena", jaso dute txostena aurkezteko prentsa-oharrean. Giza-eskubideen urraketez eta bestelako indarkeria-gertaerez gain, udal ordezkari izan direnen eta ekimen sozialekin eta bizikidetza arlokoekin harremana duten hainbat pertsonaren iritziak eta lekukotzak ere jaso dituzte dokumentuan. Hamar lagun elkarrizketatu dituzte: Nerea Alustiza Alonso, Mari Juli Gorrotxategi, Justo Arriola Etxaniz, Ane Beitia Arriola, Arantxa Berasaluze Iriondo, Juan Jose Bastarrika Garate, Bruno Guerrero Labanda, Pello Mendizabal Alberdi, Noemi Otegi Lopez de Murillas eta S.J.A.
Txostena publiko egingo du asteartean bertan Udalak, eta arduradunek aurreratu dute memoriaren alorreko etorkizuneko politikak zehazteko orduan lanabes bat gehiago izango dutela. "Txosten hau ekarpen baliagarria izango da Elgoibarko iragana ezagutzeko, eta hortik abiatuta, egungo eta etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak sendotzeko", jaso dute. Argi laga dute, baina, txosten hori osatu egin nahiko luketela eta herritarrei eskatu diete horretarako laguntza. Txostenaren aurkezpen egunean bertan, ekarpenak egiteko orri bat ere banatuko dute, herritarrek txostenean falta direla uste dutenen berri eman dezaten. Ekarpenok jasotzeko hiru bide erraztu ditu Udalak: aurrez aurre, arreta bulegora jota, ohiko postaz (alkatetza-Elgoibarko Udala. Kalegoen plaza, 1-20870) edota posta elektronikoz: bizikidetza@elgoibar.eus.