Kataluniari babesa adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2017ko ira. 21a, 08:54

Eguaztenean Katalunian eginiko polizia operazioa salatu eta Katalunian urriaren 1erako deituta dagoen galdeketari elkartasuna agertu zioten atzo Elgoibarren eta Mendaron, EH Bilduk deitutako elkarretaratzeetan. Barixakurako beste elkarretaratze bat deitu du Elgoibarko EH Bilduk.

EH Bilduk elkarretaratzeak deitu zituen atzo, Katalunian bizi duten egoerarekin kezkatuta, atzo egin zituzten atxiloketengatik bereziki. Elgoibarren eta Mendaron udaletxe aurrean elkartu ziren herritarrak. Era berean, Elgoibarko EH Bilduk beste elkarretaratze bat deitu du barixakurako (irailak 22). Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat lemapean egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, Kalegoen plazan. "EHbilduk Katalunian bizi duten une historikoarekin bat egin nahi du eta erabakitzeko eskubidea babestu", adierazi dute barixakuko ekitaldiaren harira.
• Mozioa
EHBilduk Kataluniako Parlamentuak egingo duen autodeterminazio erreferenduma babesteko mozio bat aurkeztuko duela ere aurreratu du. Datorren eguenean, irailaren 28an, egingo den Elgoibarko udalbatzarrean aurkeztuko dute mozio hori. EH Bilduk herritarrei udalbatzarrera esteladak eramateko eskatu die. Era berean, etxeetako balkoietan edo aurrerantzean antolatzen dituzten ekitaldietara ere esteladak eramateko eskatu dute.

katalunia elkarretaratzea ehbildu mendaro

 eh bildu elgoibar manifa katalunya 1