Elgoibarko Sarek ‘Salatzen dut’ asteburua antolatu du, Sebas Etxaniz preso elgoibartarraren egoera salatzeko

Barren.eus 2017ko mai. 25a, 18:52

Sebas Etxaniz preso elgoibartarraren egoera salatzeko Salatzen dut asteburua antolatu du Elgoibarko Sarek barixakurako eta zapaturako.

Euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde egiteko sortu zuten Sare, baina oraingoan Sebas Etxaniz preso elgoibartarrarengan jarri nahi dute arreta. 73 urte ditu Etxanizek, eta Villabonako kartzelan dago preso, Asturiasen, Elgoibartik 370 bat kilometrora. Legediaren zenbait ataletan jasotakoaren arabera, Etxanizek libre behar lukeela gogorarazi du Sarek, 70 urtez gorako presoei eskubidez dagokielako, eta salatu du preso jarraitzen badu, “mendekuz” dela. Horregatik haren egoera salatzeko eta Sareren aldarrikapena entzunarazteko, hainbat ekintza antolatu dituzte maiatzarenn 26 eta 27rako, eta parte hartzera deitu dituzte elgoibartarrak.
Sebas Etxanizek gaztetan alde egin zuen Elgoibartik. Nikaraguan urte batzuk egin ondoren, 1993an estraditatu zuten eta kartzelan hiru urte eman zituen. Aske gelditu zenean, Venezuelan bizi izan zen, eta handik ere estraditatu egin zuten 2002an. Geroztik 15 urte daramatza preso. Hainbat kartzela ezagutu ditu, Valdemoro, Soto, Carabanchel eta Villenakoa, eta azkeneko zazpi urteetan Villabonako kartzelan dute. Eskubideak urratuak dituela salatu du Sarek beste behin eta pausoak emateko eskatu die agintariei. ”ETAk borroka armatua laga ondoren pentsa zitekeen pauso batzuk emango zirela desmilitarizazioaren, biktimen, iheslarien eta presoen gaian, baina ez da ezer egin eta onartezina da”, salatu du Pello Mendizabalek, eta bat etorri dira Maite Izagirre eta Juan Bautista Izagirre Sareko taldekideak ere. “Mendeku politika” amaitzeko eskatu dute, eta presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politika bertan behera lagatzeko eta bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten lege eta egoerak indargabetzeko. Era berean, gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtez gorakoak edo zigorraren 3/4ak eta 2/3ak beteta dituzten presoak kaleratzeko ere eskatu dute. Aldarrikapen hori eramango dute kalera berriz ere, eta hauxe duzue Salatzen dut astebururako osatu duten egitaraua.

Maiatzak 26, barixakua:

  • 18:30-20:00 Pilota partidak Kalegoen plazan.
  • 20:00 Elkarretaratzea, Kalegoen plazan

Maiatzak 27, zapatua:

  • 18:30 Itziarren semeak Mungiako ska taldearen kontzertua, Maalan.
  • Ondoren, A2an taldearen emanaldia. Gabi Agirregomezkorta eta Alfonso Guillo elgoibartarrek osatzen dute A2an taldea.
  • Ondoren, Durangoko Karrika antzerki taldearen Izarrak marrazten antzezlanaren antzezpena. Jose Martin Urrutia Txotxe elgoibartarrak idatzi du testua, eta antzezlan honetan hiru presoren azalean sartuko dira hiru antzezleak: Uxuri Gallastegi, Gorka Madrazo eta Jose Martin Urrutia bera. Estepan Lauaxeta, Julia Conesa eta Joseba Sarrionandia dira antzezlaneko hiru presoak eta egoera gordina bizi dute, haietako bi hurrengo egunean fusilatu behar dituztelako eta hirugarrena ziegan sartu berri dutelako. Gau horretan, euren ziegetako lehioetatik harreman berezia sortuko da haien artean. Epikatik urrundu eta giza emozioetan sakonduko dute antzezlanean, preso horien bizipenetan oinarrituta.

Lotura duten albisteak:

izarrak marrazten urrutia Hitza