Zelaietaburun hil ziren eta borrokan jardun zuten gudari eta milizianoak izan zituzten gogoan Ahaztuen Oroimena elkarteak antolatutako omenaldian.
Patxi Ibarzabal Ahaztuen Oroimena elkarteko kideak aurrekariak azaldu zituen ekitaldian. Zelaietaburuko gainean, gipuzkoarako begiratokian lubakia egin zuten gudari edo milizianoek 1936ko irailaren bigarren hamabostaldian, eta egun batetik bestera utzi behar izan zuten posizioa. Gudari eta milizianoek egindako lubakian hiru gorpuzki deshobiratu ziren, 2016ko martxoaren 5ean, lehenik, eta apirilaren 17an, gero, baina zoritxarrez ezin izan direla nortzuk diren jakin azaldu zuen Ibarzabalek. “Hemen aurkitutako hiru gudari horiek hemen gertatutako mugimendu guztiaren adierazgarri dira”, adierazi zuen, eta 36ko kolpeak eskubideak urratutako denek erreparaziorako eskubidea dutela azpimarratu. “Giza eskubideak denentzat berdinak badira, hemen 80 urtez hobiratuta egon direnentzat are gehiago”. Eta hori guztia ez ahazteko informazio panel bat jarri dute Zelaietaburun. (iturria eta argazkiak: lea-artibaietamutriku.hitza)
∞ Lotura duten albisteak: