Maiatzaren 7an 46.500 herritarri hitza emango die Gure Esku Dagok Debabarrenan

Barren.eus 2017ko urt. 21a, 15:52

Herri galdeketak egin dituzten beste herri eta bailara batzuei lekukoa hartu diete gaur Debabarrenan. Itziar, Mutriku, Deba, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko Gure Esku Dago batzordekoeek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, zapatua, Eibarren, eta galdeketa egiteko eguna zehaztu dute bertan: 2017ko maiatzaren 7a. Egun horretan 16 urtez gorako 46.500 herritarri emango diete hitza.

2016ko ekainean landutako herri adierazpenetatik abiatuta, herri galdeketaren olatura igo dira Debabarrenako ia herri guztiak eta erabakitzeko eskubidearen ilusioa eta gogoa zabaltzera doazela jakinarazi dute. Herri galdeketa prozesua antolatzeak lana eta konpromisoa ere eskatzen dituela nabarmendu dute prentsaurrekoan eta galdeketa egunera eramango dituen bidea ere marraztu dute. Aipatu dute Debabarrenan gutxienez 4.400 sinadura behar dituztela galdeketa egin ahal izateko, eta sinadura kanpainan parte hartzera deitu dute. Galdera ere adostua dute herri gehienetan (Elgoibarren bai), eta jarriak dira beraz maiatzaren 7ra begira. Galdeketak herririk herri egingo dituzte.

gure esku dago debabarrena elgoibar