Altsasuko gertakariak salatzeko elkarretaratzea egingo dute Kalegoen plazan

Barren.eus 2016ko aza. 25a, 09:35

Elgoibarko Jaiki Gazte Taldeak elkarretetaratze bat antolatu du gaur arratsalderako, Altsasuko istiluen ondorioz emandako atxiloketak salatzeko.

Elkarretaratzea 19:00etan hasiko da Kalegoen Plazan.

“Oraingoan Altsasu izan da, baina hurrengoan izan daiteke Elgoibar; izan gaitezke gu, izan zaitezke zu. Horregatik, halako gertakarien aurrean isilik geratzerik nahi ez dugulako, mobilizatzeko deia luzatzen dizuegu herritar guztioi. Indar okupatzaileek gure herritik alde egitea nahi dugu; desmilitarizatutako Euskal Herri bat irudikatu nahi dugu berandu baino lehen”, azaldu du Jaikik.
Altsasuko liskarrarengatik atxilotutako zortzi pertsonetatik sei espetxeratu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalako epaile Carmen Lamelak. Jaikik “babes osoa” eman die auzipetuei eta beren gertukoei, eta babes hori adierazteko antolatu dute gaur arratsaldeko elkarretaratzea. Era berean, gogora arazi dute gertatutakoa salatzeko manifestazioa egingo dutela Altsasun zapatuan, 13:00etan.