Elgoibarko Kolunbarioko sarreran Iñigo Arregi eskultorearen tamaina handiko lan bat jarriko dute

Barren.eus 2016ko urr. 26a, 14:22

Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan jarriko den eskultura aurkeztu du gaur, Bilbon, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok. Joan den udan deitutako ideia-lehiaketa irabazi duen Iñigo Arregi (Arrasate, 1954) eskultorearen lan bat jarriko dute kolunbarioaren sarreran. Kolunbarioa eraikitzeko lanak aste honetan bertan hasi dituzte Olasoko hilerrian.

Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioak 60 hobi izango ditu, eta Elgoibarko Olasoko hilerrian eraikiko da. Bertan emango zaie atseden azken urteotan hobietan aurkitu diren eta Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagertutako eta identifikatu gabeko pertsonen gorpuzkiei. Kolunbarioa eraikitzeko lanak aste honetan bertan hasi dira, eta hasiera batean Elgoibarko udalak finantzatuko dituela jakitera eman du Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. “Gogorak 2017ko aurrekontuaren bitartez hartuko du bere gain lanen finantziazioa. Aurreikusten da lan osoa, eskultura instalatzea barne dela, amaituta izango dela urte amaierarako", azaldu dute.

• Iñigo Arregiren eskultura

Gogora Institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarrok gaur aurkeztu du Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan jarriko den eskultura Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon. Aukeratu den eskultura joan den udan Gogorak berak deitu zuen ideia-lehiaketako irabazlea izan da, eta 16 lanen artetik aukeratu da. Eskulturaren izenburua Duintasuna-La dignidad da, corten altzairuz dago eginda eta Iñigo Arregi eskultore arrasatearra da egilea. Epamahiko kideek jakitera eman dutenez, lan horrek “hainbat xafla bata bestearen gain ezarriz gurekin ez daudenak hutsenearen bitartez sinbolizatzen ditu, desagertutako horien arteko elkarrizketa lortzen du eta orainean obraren ondotik igarotzen garenon artekoa ere, galdutakoen memoria eta duintasuna aldi berean errekuperatuz”.

Egilearen esanetan eskulturak “bidegabeki errepresaliatutako pertsona guztien duintasunarekin berriz elkartzea sinbolizatu nahi du”. Esleipenaren zenbatekoa guztira 60.000 eurokoa izan da.

Hamabi proiektuetako bat

Duintasunaren Kolunbarioa Eusko Jaurlaritzaren Memoria Historikoaren arloko 2015-2016ko Lehentasunen Oinarri-Programan jasotako hamabi proiektuetako bat da (programa Gogorak hartu zuen bere gain). Institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarrok adierazi duenez, “beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa ere bada biktimen duintasuna errespetatzeko, gorpuzkiak hartzeko eta omentzeko leku bat eraikitzea”.

kolunbarioa elgoibar eskultura ignacio arregi

∞Lotura duten albisteak: