Elgoibarren EAJk jaso ditu boto gehien eta EH Bildu izan da bigarren indarra, nahiz aldea handitu egin den 2012ko bozekin alderatuz

Barren.eus 2016ko ira. 25a, 20:31

EAJk 2.341 boto eskuratu ditu Elgoibarren, eta beraz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izaten jarraitzen du gurean. Jeltzaleek 744 botoko aldea atera diote bigarren alderdi bozkatuenari, EH Bilduri (1.597 boto lortu ditu). 2012ko hauteskundeetan lortu zituzten emaitzei erreparatzen badiegu, aldea handitu egin da bien artean. Orduan, 2.328 boto eskuratu zituen EAJk, eta 1.959, EH Bilduk.

Mendaron gertatu bezala, Elkarrekin Podemosek aurrea hartu dio PSE-EEri, Legebiltzarrerako hauteskundeetan Elgoibarren historikoki hirugarren indarra izan denari. Elkarrekin Podemosek 583 boto eskuratu ditu, eta PSE-EEk 486 (2012an 988 boto). Espainiako kongresurako kauteskundeetan aurkeztu zuen hautagaitza estrainekoz Podemosek, eta orduko  hartan EH Bildurekin nahikoa berdinduta gelditu ziren -1.243 boto lortu zituen Podemosek eta 1.267, EH Bilduk.

Hortaz, azken hilabete honetako inkestek esandakoa bete da bai Elgoibarren eta baita Mendaron ere, eta EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos izan dira lehen indarrak, Euskal Herria naziotzat daukaten eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duten taldeak, alegia. Gipuzkoa, Araba eta Bizkai osoko emaitzei erreparatzen badiegu, esan behar da, EAJk nagusitasun osoz irabazi dituela hauteskundeak hiru herrialdeetan, eta hainbat aukera izan ditzakeela, gainera, gehiengo osoa izateko. EAJrentzat emaitza oso onak izan dira. Eserleku gehien Juan Jose Ibarretxeren garaian eskuratu zituzten jeltzaleek, 2001ean –EArekin koalizioan aurkeztu ziren orduan-. EH Bildu izan da bigarren indarra, hauteskunde hauetan indar berria izan den Elkarrekin Podemosen aurretik. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, iaz, EH Bildurekin nahikoa berdinduta gelditu zen Podemos. -1.243 boto lortu zituen Podemosek eta 1.267, EH Bilduk.

•Parte hartzea

Elgoibarren 8.772 herritar zeuden botoa ematera deituak gaur eta 5.511 lagunek eman dute botoa, hau da, %37,18koa izan da abstentzioa, 2012ko hauteskundeetan baino ia bost puntu handiagoa, %32,2 izan baitzen orduan abstentzioa.

 ♦ ELGOIBARKO EMAITZAK, MAHAIKA -PDF-

  • EAJ  2.341
  • EH Bildu  1.597
  • Elkarrekin Podemos  583     
  • PSE-EE 486     
  • PP 290     
  • C's  86     
  • ATTKA  44     
  • Ganemos  22